Baionako auzitegiak lau urteko espetxe zigorra ezarri dio gizonezko bati, bikotekide ohiaren aurkako tratu txar jarraituengatik. Jendarmeek 2024ko ekainaren 19an atxilotu zuten erasotzailea —Parisen jaiotako 45 urteko gizona—, Hiriburun zuen etxebizitzan (Lapurdi). Emakumea lurrean botata topatu zuten, negarrez eta zauri ugarirekin.
Polizien arabera, bikotea bananduta zegoen ordurako, eta emazteak denbora zeraman lagun batzuen etxean bizitzen. Ordukoa, baina, ez zen lehen erasoa izan. Aurretik ere, «ohikoak» ziren emakumearen aurkako tratu txarrak. Zehazki, emazteak 2023ko urriaren 1etik 2024ko ekainaren 19ra bitartean sufritu zituen bikotekide ohiaren oldarraldi bortitzak. Gizonak 15 kondena zituen delitu horiengatik.
Baionako instrukzio epaileak lau urteko espetxealdia ezarri dio erasotzaileari, baina horietatik bi urte eta erdi bete beharko ditu. Gizonak urtebete darama behin-behineko kartzelaldian.

