Denbora kontua zen: atzotik espero zen Mohamed Amara Paueko eta Aturri Herrialdeetako unibertsitateko lehendakariak bigarren fasera pasatzeko agiria izenpetzea, eta gaur goizean egin du. Horren ondorioz, bigarren fasea aktibatu da Ipar Euskal Herriko unibertsitateetan, eta antolaketan zenbait aldaketa gertatuko dira.
Besteak beste, ordutegia 22:00 arte hedatzeko eskubidea izango du lehendakariak, eta larunbatetan klaseak eman ahalko dituzte. Halaber, klase ez-presentzialak ere emateko antolatu beharko dute irakasleek eta ikasleek, eta asteko txandak ezar ditzakeela ere azaldu zuen Amarak, prentsan.
BERRIAk atzo jakin ahal izan zuenez, irakasle zenbaitek salatu dute ez dietela erabakien berri eman; eta Amarari leporatu diote soilik prentsan komunikatu izana. Baionako unibertsitateko irakasleak gaur dira biltzekoak datozen asteetako antolaketa finkatzeko. Ikasleengan ere kezka piztu da, arduratuta baitaude klase ez-presentzialak egiteko baliabide eskasiarengatik.
Hamahiru kutsatu
Aste bakarrean hamahiru kutsatu atzeman dituzte Iparraldeko unibertsitateetan. Joan den astean milaka ikasle sartu ziren Baionako eta Angeluko (Lapurdi) campusetara. Unibertsitatea martxotik egon zen itxita, eta berriz zabaldu zuten sartzea egiteko. Maskara derrigorrezkoa da ikasle eta irakasle guztientzat, eta eskolaz kanpoko aktibitateak debekatu dituzte.