jon anza auzia

Baionako fiskalak dio Anzaren gorpuak ez duela kolpe edo bala zantzurik, baina instrukzio epailea izendatuko du auzia ikertzeko

Frantziako Justizian epaile horrek askatasun handiagoz jokatu ohi du. Familiak gorpua ikusi ahal izan du eta baieztatu du hildakoa Jon Anza dela. Senideen konfiantzazko medikurik gabe egin dute autopsia gaur, eta Tolosan jarraituko du hilotzak. Gaurko autopsiako txostena izan ondoren erabakiko du familiak froga berriak eskatu edo ez. Ehun bat lagun bildu dira goizean gorputegiaren atarian, konfiantzazko mediku bat autopsian egon zedila exijitzeko. Hainbat lagun gorputegira sartzen saiatu dira, eta gas negarrarazleekin bidali ditu Poliziak. 11 hilabetez desagertua egon da ETAko kidearen gorpua, eta argibideak nahi ditu familiak. BERRIA.INFOren gaurko beste bideoak: =lMaite Goienetxek Tolosan egindako adierazpenak==http://www.berria.info/berriatb/801/=l / =lAutopsiaren amaiera==http://www.berria.info/berriatb/802/=l.

A. Renteria (Tolosa), J. Berhokoirigoin (Baiona)
2010eko martxoaren 15a
19:33
Entzun
Anne Kayanakis Baionako prokuradoreak gaur arratsaldean adierazi du Jon Anzaren gorpuak ez daukala kolpe edo bala zantzurik, eta euskal militante ohiak buruan ere ez duela lesio arrastorik. Ondorio horiek atera dituzte Anzari Tolosan (Okzitania) egindako autopsiatik, Kayanakisek dioenez -Baionan prentsaurrekoa eman du-.

Hala ere, garrantzitsuak izan daitezken bi berri eman ditu. 1. Aste honen bukaeran edo hurrengoaren hasieran autopsiako datu gehiago ematekotan geratu da Kayanakis, eta esan du ez duela baztertzen "ikerketa sakonagoa" egitea. 2. Jakinarazi du instrukzio epailea izendatuko duela hurrengo egunetan, honek har dezan kasuaren ikerketa -lehengo ostiralean zioen ez zutela epaile hori jarriko-. Anzaren senideek horixe bera eskatu izan dute. Frantziako Justizian epaile horrek fiskalak-eta baino askatasun handiagoz jokatu ohi du.

Kayanakisen arabera, Anzak "osasun delikatua" zeukan, eta horren ondorioz zendu zen iazko maiatzean. Dena dela, Baionako prokuradoreak aitortu du hilotza egoera txarrean dela, baina dio ez dakiela zergatik dagoen horrela. Hamar hilabete egin ditu hilotzak Tolosako Purpan erietxeko gorputegian, eta Baionako fiskalak adierazi du "akats larria" dela hainbeste denboran argibiderik ez izatea. Kayanakisek berak Anza auziaz ikerketa abiatu zuen iaz.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak ia 19:00ak zirela jakinarazi duenez, familiak gorpua ikusi ahal izan du eta baieztatu du hildakoa Jon Anza dela. "Argi esan nahi dugu ez diogula inongo zilegitasunik ematen autopsia honen emaitzei", adierazi du AAMk. "Jon bere eritasun fisikoaren ondorioz hil zela esan zaio abokatuari, eta gorputzean ez duela markarik. Gorpua ez dela izozturik egon kontuan izanda, ezinezkoa da mota horretako baieztapenak egitea. Jon tratamendu bat jarraitzen ari zen eta bizirik zegoen trena hartu zuenean; bere eritasuna gainditzeko indar guztiz ari zen aurrera egiten".

Gaurko autopsia,familiaren konfiantzazko medikurik gabe

Hain zuzen, Jon Anza 11 hilabetez desagertua egon den ETAko kidearen gorpuari gaur egin diote autopsia Tolosan, baina familiaren konfiantzazko medikurik gabe, senideen eskaerari muzin eginda. Gaurko azterketaren informea izan ondoren erabakiko du familiak froga berriak eskatzen dituen edo ez, "betiere kontuan izanda gorpua dagoen egoeran ezinezkoa dela froga garrantzitsurik ateratzea", AAMk dioenez. Oraingoz, hilotza Rangueil erietxeko gorputegian utziko dute, bigarren autopsia egiteko baldintza bailitzateke dagoen tokitik ez mugitzea. Dena den, harrera prestatzen hasi dira jada.

Tolosako erietxean esan diete konfiantzazko mediku batek autopsian parte hartzea Kayanakis Baionako prokuradoreak baimendu behar duela. Kayanakisek ukatu egin die aukera hori, Frantziako legediak ez duela halakorik aintzat hartzen argudiatuta.

Polizia oldartu egin da

Anzaren senideak, adiskideak eta hari gertatutakoa salatu nahi duten ehun bat lagun Tolosan izan dira goizean goizetik, gorputegi atarian, autopsian familiaren konfiantzazko mediku bat egon dadin exijitzera joanda. Polizia ugari zegoen iritsi direnerako gorputegi aurrean; hots, Anzari autopsia egingo zioten lekuan.

Senide eta lagunak barrura sartzen saiatu dira, konfiantzazko medikurik onartzen ez zitzaienez autopsia eragozteko, baina Poliziak indarrez sakabanatu ditu. Poliziek gas negarrarazleak jaurti dituzte, eta horrekin aldenarazi dituzte protestan ari zirenak. Horiek berriro egin dute gorputegira sartzeko beste saio bat, baina oraindik eta polizia gehiago azaldu da gorputegi atarira, eta txakurrekin egin diete aurre senide eta lagunei.

Autopsia bukatu eta familia bigarren bat negoziatzen ari dela iragartzean, elkarretaratzea bertan behera utzi dute, eta Euskal Herrirako bidea hartu dute han bildutako gehienek.

Arestian esan bezala, Anzaren familiak autopsian konfiantzazko medikua egotea exijitzen du, Anzaren heriotzari buruz eta gorpuaren hilabete luzeetako desagerpenaren inguruan iturri ofizialek emandako azalpenak ez dituztelako sinesten. Familiaren eta AAMren arabera, Espainiako indar armatuek hil zuten Anza eta "gerra zikineko" ekintza izan da.

AAM: "Gorpuak bahituta segitzen du"



Amnistiaren Aldeko Mugimenduak dionez, "gorpua agertu den arren, honek Frantziako Estatuak bahituta segitzen baitu". AAMk berretsi du "gerra zikinaren" ondorioz hil zela Anza, "eta Frantziako eta Espainiako estatuak, kontrolpean dituzten epaitegi, komunikabide eta polizien bidez, gerra zikina garbitu nahian ari dira. Manipulazioaren bidez iritzi publikoari gezurra saldu diote hasieratik, eta orain konfiantzazko medikuari autopsiako ateak itxiz eta herritarrak erasotuz egia ezkutatzeko eginahalean dabiltza".

11 eguneko hutsunea

Ia urtebete desagertuta egon ondotik -iazko apirilaren 18an ikusi zuten azkeneko aldiz-, ofizialki lehengo ostegunean jakin zen Jon Anza (Donostia, 47 urte) preso ohiaren gorpua Tolosako Purpan erietxeko gorputegian dagoela. Berri ofizialen arabera, apirilaren 29an Tolosako Estrasburgoko Etorbidean aurkitu zuen bizilagun batek hura, konortea galduta. Larrialdi zerbitzuek artatu eta Purpan ospitalera eraman zuten, baina ez zuen konortea gehiago berreskuratu. Maiatzaren 11n hil zen erietxean, bihotzekoak jota.

Anza nortasun agirik gabe atzeman zuten apirilaren 29an. Patrikan bi tren txartel zituen: Baiona-Tolosarako joan-jina -lehena, apirilaren 18rako, eta bigarrena, 20rako-. Inork ez du esan zer gertatu zen apirilaren 18tik 29ra artean.

ETAk iazko maiatzean jakinarazi zuen bere militantea zela Anza, apirilaren 18 hartan hitzordua zeukatela Tolosan, baina preso ohia ez zela azaldu. 1982tik 2002ra artean preso egon zen donostiarra, ETAko kidea zela leporatuta. Duela bi urte buruan tumorea sortu zitzaion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.