Baionako Herriko Etxeak eskatu kanporaketa Paueko Administrazio Auzitegiak ez onarturik,haserretuen kanpalekuak ber gunean segitzen du. «Oso-oso pozik» daude bertako 60 bat lagunak. Bezperan kanporatuak izanen zirela pentsatuz lokartu ziren, eta, azkenean, «ezustea» izan zuten atzo goizean. Hori dela eta, bertan segitzen dute, inoiz baino motibatuagoak.
Epailearen arabera, kanpalekuak ez du «lasaitasuna, segurtasun publikoa eta orokorki ordena publikoa zalantzan jartzen». Ezeztatu ditu herriko etxeak aipatu «arrisku handia» edota «garbiketa eskasaren» ideiak. Giza Eskubideen Europako Hitzarmenean oinarrituz, adierazpen askatasuna lehenesten du baita ebazpenean.
Etzi «ber gunean» merkatu bat antolatuta dagoela azaldu zien herriko etxeak komunikabideei, kanporaketa eskaera azaltzeko. Baina, epaileak zehaztu duenez, ondoan baina bi gune ezberdinetan izanki, «batak ez du bestea oztopatzen».
Haserretuei herenegun agertu zitzaizkien bi udaltzain herriko etxearen salaketaren eta auziaren berri emateko. Kanporatuak izateko aukera zutela ikusirik, polizia azalduz gero «erresistentzia baketsua» egitea erabakia zuten.
Epaia ospatuko dute gaur
Gaur 19:00etan ospatuko dute epaia, eta herritar orori zabaldua diete. Bertan, hitzaldi, musika eta jatekoa izanen da, egunero bezala.
Badu aste bat Chaho kaian direla berrogei bat lagun, gau eta egun. «Oligarkiaren bukaera eta benetako demokrazia» aldarrikatzen dute.
Baionako 'haserretuak' ez kanporatzea ebatzi du epaileak
Herriko etxeak eskatu kanporaketa ez du onartu epaileak; ber tokian egoten segitzen dute, beraz, 'haserretuek'

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu