Baionako Herriko Etxeak ez du gehiago ñ hizkia duen izenik onartzen. Haurren sortze aktetan ñ hizkia ez erabiltzeko erabakia hartua du Herriko Etxeak. Hizki horrek arazoak dizkie sortzen Ñuñez, Goñi eta gisako deiturekin. Haurren sortze akta egiterakoan, beren deitura ofizialetan ñ hizkia duten gurasoei ere ez die hizki hori emanen Baionako Herriko Etxeak.
Julien Lucuix eta Texa Aizagerre dira horretaz ohartu. Haurra sortu, eta Baionako ospitaletik herriko etxerako bidea hartu zuen Lucuixek agorrilaren 3an. Alaba sortu berriari Añeta izena ematea erabakia zuen bikoteak. Herriko etxera heldu eta, alta, ezin. Sortze aktan Añeta ez zutela jarriko ihardetsi zioten. «Ñ hori ez zutela onartzen, ez baitzen frantses alfabetoan», ekarri du gogora Aizagerre ama gazteak.
Lucuix entseatu zen, bazirela izen anitz kasu berean, baina Herriko Etxeko langileari berdin zitzaion. «Harentzat normala zen; ñ-a ez da frantses alfabetoan, eta kito». Harridura irentsi, eta Aneta izena idazteko erran zien Lucuixek Herriko Etxeko langileei: «Bestela, zer, i-rekin eman? Ez da hori ere izena!». Aizagerrek berak azaldu du zalantzetan eta damutan gelditu zirela, ez jakinik gero zerbait egin ahal izanen duten, errekurtsoak jar ditzaketen edo bertzerik egin.
Paper ofizial guztietan Aneta izanen da, beraz, Aizagerre eta Lucuixen alaba, nahiz eta denek Añeta deitu. Bikoteak azaldu du, aldiz, Iñaki izeneko lehengusu bat duela Añetak; Donapaleun sortu zen (Nafarroa Beherea), orain bi urte, eta arazorik ez zuten ukan gurasoek ñ-a idaztarazteko. Donapaleuko Herriko Etxeak berretsi du euskal izenekin ez duela behin ere arazorik ukan.
Baionako Herriko Etxean, alta, bada arazorik, nahiz ez den arau publikorik afera horiei buruz. Kode Zibileko 57. artikuluak dio haurraren izena aitak eta amak dutela hautatzen. Alfabeto konturik ez du aipatzen, ez bada atzerriko izenentzat. Alfabeto erromatarra (latinoa) behar dela erabili zehazten du, haatik. Alfabeto latinoan sartzen da ñ letra; euskal bertsioan, Euskaltzaindiak onartzen du; baita gaztelaniak, bretoierak, woloferak eta bestek ere. Frantziako legeen ñabardura bakarra «jaioberrien interesei» lotua da. Justiziak erabakitzen badu sortu berriaren izena ez doala haurraren interesen alde, orduan gurasoak gonbidatuak dira beste izen baten hautatzera.
Herriko etxean, haurra deklaratzean, gurasoek beren lehen hautuari atxikitzen badiote, Estatu Zibilaren arduradunak izen hori jarri behar du sortze aktan. Alta, izena haurraren interesen aurkako dela baderitzo, orduan deitzen du prokuradorea; hark familiako aferez arduratzen den epailea dei dezake. Gurasoek beti ukatzen badute izena aldatzea, prokuradoreak beste izen bat proposa diezaioke epaileari. Sortze akta desegiteko agindu dezake epaileak.
Auzitegien bidean
Baionako prokuradoreorde Marc Mariee da gai horietaz arduratzen. Ñ hizkia duten izenei buruz ez du erabakirik hartu behar izan orain artean. «Horrek erran nahi du ~ gabe jarri dutela gurasoek, zailtasuna saihesteko; egia baita gure alfabetoan ez dela ñ hizkirik», ondorioztatu du Marieek. Halako aferarik etorriko balitzaio zer eginen lukeen ez dakiela ihardetsi du: «Biziki teknikoa da gaia, eta testuak hurbilagotik begiratu beharko nituzke».
Marc Mariee lan horietan hasi aitzin, izan dira kasu zenbait prokuradorearen bidea hartu dutenak; batean onartu zuten ñ letra, besteetan ez. Baina xehetasun gehiago ukaitea ezinezkoa izan da; Brigitte Delobel Defix-ek, kasuak ikertu dituen Baionako prokuradoreordeak, ihardetsi du ez duela denborarik ihardesteko. Haatik, Ipar Euskal Herriko Hitza-k jakin du Baionako Justizia administrazioaren azken erabakietarik izan dela ñ letra debekatzea. Orain dela urte bat handik bidali gutun ofizial batek dio idatzi publikoak frantsesez idatzi behar direla, errepublikako hizkuntza bakarra frantsesa dela.
Halere, gutun ofizial horrekate ireki bat uzten du: hau da, abokatu batekin auzibidea hartu eta jurisprudentzia lortzea. Mementoko ez da halakorik gertatu eta, gainera, ez da errana erabakia familiaren aldekoa izanen denik.
Baionako Herriko Etxeak ez du 'ñ'-rik nahi
Jaioberrien sortze aktetatik hizki hori baztertzea erabaki du, frantses alfabetoak ez baitu jasotzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu