Arratsean, mugimendu feministak zenbait elkarretaratze antolatu ditu dozenaka herritan, Baionan aste honetan izandako hilketa matxista salatzeko. Joan den larunbatean hilda topatu zuten emakume bat Baionan, etxean, bikotekideak larrialdietara deitu eta gero; hilotza ubelduz betea zegoen, eta Poliziak atxilotu egin zuen bikotekidea, hark hil zuelakoan emakumea. Aurrekariak zituen indarkeria matxistagatik. Emakumeen Mundu Martxak nabarmendu du neurriak hartzeko ordua dela: «politika integralak» galdegin ditu.
Mugimendu feministak aldarrikatu du ardura hartzeko garaia dela: «Dena esanda dago; hitzetatik praktikara pasatzeko garaia da». Joan den asteburuan, Baionan emakumea hilda topatu zutenean, Jardunaldi Feministak izan zituzten, hain justu. Hango mezu bat hartu dute gogoan: «Emakumeon aurkako indarkeriak ez du mugarik, bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren ezinbesteko tresna delako».
Aurten lau emakume hil dituzte Euskal Herrian indarkeria matxistagatik; horietako hiru, Lapurdin. BERRIAk egindako kontaketaren arabera, 102 emakume hil dituzte 2003az geroztik.