atxiloketa

Baionako kartzelan segitzen du David Plak, noiz Espainiaratuko

Euskal preso ohiaren aurka Madrilek aurkeztutako froga bat ukatu ondoren atxilotu zuen Parisek, atzo. Frantziako Kasazio Auzitegiak abenduan onartu zuen euroagindu eskaera.

Atzo Hendaian egindako elkarretaratzea. FRANçOIS BERLAND
enekoitz esnaola
2020ko otsailaren 14a
11:27
Entzun

David Pla euskal preso ohia Baionako espetxean daukate atzotik, euroagindu bat dela-eta Frantziako Poliziak Hendaian (Lapurdi) goizean atxilotu ostean. Aurki Espainiaratuko dute. Polizia etxera sinatzera joan zenean atzeman zuten. Hendaian bertan bizi da, familiarekin, eta, espetxe zigorra osorik beteta iazko apirilean aske geratu zenetik, astean bitan joan da sinatzera, euroagindu eskaera ebatzi arteko neurri administratibo bategatik. Behin-behinean dute Baionako kartzelan, eta hamar egunen buruan Espainiaratu beharko lukete. Haren sendiari gaurko bisita ordua eman diote.

Atzo elkarretaratze bat egin zuten Hendaian, herriko etxearen aurrean. Gaur, Baionako Etxepare lizeoan egingo dute, 13:15ean —hango ikaslea da Plaren seme Aitzol—. EH Baik, Bake Bideak eta Bakegileek, eta Sortuk ohar bana idatzi dute atxiloketa salatzeko.

Plaren aurka Madrilek aurkeztutako froga bat ukatu ondoren atxilotu du Parisek. Espainiako Auzitegi Nazionalak, (h)Alboka auzian, egotzi zion 2008ko maiatzaren 17an Mimizanen (Landak, Frantzia) bilera bat egin zuela etakide batekin, eta Parisi haren aurkako euroagindua eskatu zion. Frantziako Dei Auzitegiak onartu egin zuen eskaera, iazko azaroan, eta Kasazio Auzitegiak ere bai, abenduan, defentsak helegitea aurkeztu ondoren. Euroagindua zenez eskaera, epaileak ez ziren mamian sartu. Hala ere, auziak badu esangura bat, Frantziako Poliziaren Zerbitzu Antiterroristaren txosten batek baitio egia ez den froga batean oinarritu zela Madril euroagindua galdegiteko, Parisek egiaztatua baitu Pla 2008ko egun hartan Fresnesko espetxean zegoela, euskal preso bat bisitatzen. Xantiana Cachenaut defentsa abokatuak Poliziaren akta eman zien epaileei. Baina ezer ez. 

Auzitegi Nazionalak ETAren eta EPPKren arteko «lotura» egitea eta presoen kolektiboa «kontrolatzea» egozten die (h)Alboka auziko kideei. Parisek iaz etakide izateagatik epaitu zuenez Pla, Madrilek orain ezingo luke delitu bera leporatuta epaitu. Cachenautek esan du epailearen aurretik pasatu eta berehala libre utzi beharko luketela bere bezeroa.

Abokatuak udazkeneko auzi saioetan azaldu zuen, batetik, Espainiak aipatutako gertakaria Frantziako Estatuan gertatu zela; eta, bestetik, Frantziak, Madrilen akusazio horrengatik Pla 2010eko apirilean atxilotu zuenean Hendaian, prozedura bat ireki zuela, eta, gainera, epaileak handik egun gutxira kargurik gabe aske utzi zuela. Haren iritzian, bazegoen euroagindua ez onartzeko arrazoirik eta jurisprudentziarik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.