Baionako ospitaleak «eskuarteko eskasiari» erantzuteko plana aurkeztu du, herritarren inbertsio pertsonalean oinarritua

1,5 milioi eurokoa da plana: kapitala urtebetean itzuliko zaie inbertituko dutenei, %3,1eko interesarekin. Ospitaleko ordezkariek ez dute baztertu esperientzia berritzea, baina ez dute argitu nola eragin diezaiokeen horrek zerbitzuaren publikotasunari.

Baionako ospitalerako herritarren inbertsio planaren aurkezpena, gaur goizean, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Baionako ospitalerako herritarren inbertsio planaren aurkezpena, gaur goizean, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai
BAIONA
2026ko otsailaren 11
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baionako ospitale publikoan eman dute prentsaurrekoa, eguerdian, plana aurkezteko: Lapurdi kostaldeko ospitale sarearen «eskuarteko eskasiari» erantzuteko, herritarrei dei eginen diete bihartik goiti han inbertitu dezaten. Plan horrek zerbitzua pribatizatzeko arriskua dagoen susmoa hedatu du. Protokoloa «ezin sinpleagoa» da: hilabete batez, edonork dirua inberti lezake zentroan, euro bat eta 100.000 euroren artean; urte baten buruan diru hori itzuliko zaie, %3,1eko interes tasarekin, gainera. Bestela erranik, Baionako ospitaleak eta Donibane Lohizuneko klinikak herritarrei galdegin diete mailegua. «Denak irabazle», erran dute.

Halere, galdera bat egon da zintzilik: funtzionatzeko sistema hori orokortuko balute, nolakoa litzateke zerbitzu publikoaren bilakaera? Ez dute hain urrunera joan nahi izan, eta segurtatu dute: «Oraingoan eskuartekoaren problematikari erantzuteko plana da; behin 1,5 milioi euroak lorturik ez dugu gorago joateko ahalik plan horren baitan».

Haatik, gogoa balukete, segur aski, ez baitute baztertu etorkizunean halako beste mailegu planik plantan jartzeko aukera, diru arazoei ez ezik beste mota bateko beharrei erantzuteko.

Honakoan, diruak bi ospitaleak egoki funtzionarazteko balioko du, «bertatik bertakoendako». Halere, jakina da sistema publikoaren gaizki izatea anitzez ere orokorragoa dela, osasunean ez ezik publikoak diren beste esparru guzietan berdin-berdin; eta, sistema horiek publikoak diren heinean, herritarrek jadanik kotizatzen dute eskaintzen dituzten zerbitzuak jasotzeko.

Ordea, badirudi ez duela behar bezala funtzionatzen: Baionako ospitalearen aurrekontua, erraterako, 450 milioi eurokoa da, gutxi gorabehera; 2024an, 21 milioi euroko defizita izan zuten. Datu horien aipamena egitean, segurtatu nahi izan dute «defizita [Frantziako] estatuaren ardura» dela, eta herritarren inbertsioak ezin duela horretarako balio izan. Baina erran bezala: ez dute baztertu diru arazoez harago ere erabiltzea mailegu aukera hori.

Bankuak faltan

Argiki desberdindu nahi izan dituzte Estatuaren eta herritarren ardurak. Alde batetik, Estatuari dagokio bere sistema publikoa egoki funtzionaraztea, eta, bestalde, herritarrei sistema publikoaren «funtzionamenduan parte hartzea» proposatzen zaie, gainera irabaziak egiteko aukerarekin.

Villyz enpresak kudeatuko du sistema, zerbitzu publikoen arazo ekonomikoei «herritarren finantzaketaren bidez» erantzuten ahalegintzen delako hiru urteotan; azken urte honetan, ospitaleen kasuan. Hain zuzen, enpresako Arthur Moraglia presidenteak eta ospitaleko Frederic Espenel zuzendariak aurkeztu dute plana, eta azaldu «izugarriko arazoak» dituztela azken urteetan banketxeekin harremana egiteko eta maileguetarako tasa onargarriak lortzeko. Gisa berean, azpimarratu dute arazo nagusia zera dela, dirua non aurreztu, eta, beste behin, zer tasarekin. Bi arazo horien soluzio gisa aurkeztu dute finantzaketa herritarrarena.

Etorkizunera begira, halere, ez dute argitu ezen, tokian tokiko herritarren inbertsioaren araberakoa bada ospitale publikoaren funtzionamendua, ez ote duen desorekarik sortuko zerbitzuaren kalitatean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.