Baionan Etxeto da aitzinean lehen itzulian, Angelun Olive eta Miarritzen Brisson

Lapurdiko hiriburuan abertzaleek %10eko muga gainditu dute.

2014ko martxoaren 23a
07:35
Entzun

Henri Etxeto sozialista aitzinean da Baionan bozen %35,25arekin. Bigarren Jean Rene Etxegarai zentro-eskuinekoa %29,99rekin, hirugarren Sylvie Durruti eskuindarra bozen %18,54rekin, laugarren Jean Claude Iriart abertzalea, %10,03rekin eta bosgarren Serge Nogues Front de Gauchekoa, %5,9.

Uste zena baino aitzina ttipiagoa du Henri Etxetok nahiz gauzak tinko izanen diren hain segur bigarren itzulian. Pentsatzekoa Etxegarai eta Durrutiren arteko aliantza bat izanen dela bigarren itzulirako.

Sorpresa abertzaleek sortzen dute, bozen %10aren ozka gaindituz, bigarren itzulian manten. tzeko ahalarekin menturaz. Ikusi beharko da beraz zer deliberatzen duten, mantendu ala aliantza bat egin. Segur dena da hauen beharra izanen dutela bi hautagai nagusiek auzapezgoa lortzekotan.

Angelun, Jean Espilondo (%36,45) auzapez sozialista bigarren gelditzen da lehen itzuli honetan, Claude Olive UMPkoak (%44,6) aitzintzen baitu 8 puntuz. Jakinez gainera Jamattit Mortalena zentristarekin (%9,88) tratua egin dezakeela.

Tendentzia baieztatua balitz bigarren itzulian, Jean Espilondok auzapezgoa galduko luke mandatu bakarraren ondotik. Ikusi beharko da abertzaleei begira zer jarrera duten bi hautagai nagusiek bigarren itzuliari begira nahiz Olivek aitzina sendoa izan. Mikel Ithurbide abertzaleak %5,75 egiten du. Claude Larrieuk (NPA) %3,33.

Miarritzen Max Brisson da lehen, eta Michel Veunac bigarren. Guy Lafite sozialista hirugarren baizik ez da heltzen. Brissonek aukera handiak ditu beraz auzapezgoa hartzekoa. Pentsatzekoa da zerbait adostuko duela Veunac zentristarekin.

Argi dena da UMPko Brisson eta Olive alderdikideek emaitza onak lortzen dituztela, honek izan ditzakeen ondorioekin Aturri-Kostaldeko Hiri Elkargoari begira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.