Bake Bideak eta Bakegileek ibilbidea bukatu dute

Foroa eginen dute arrats honetan, Baionan, azken urteetako balorazioa egin eta hemendik aitzinako urratsak definitzeko. Ipar Euskal Herriko gizarte zibila mobilizatu dute azken urteetan, Euskal Herriko gatazkaren konponbidearen alde.

Milaka herritarrek manifestazioa egin zuten 2017ko abenduan, Parisen. ISABELLE MIQUELESTORENA
Milaka herritarrek manifestazioa egin zuten 2017ko abenduan, Parisen. ISABELLE MIQUELESTORENA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2025eko ekainaren 6a
07:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Bake Bideak eta Bakegileek iragarri dute ibilbidearen bukaerara iritsi direla. Foroa eginen dute arrats honetan Euskal Hirigune Elkargoaren Baionako egoitzan, 19:00etan, azken urteetako balorazioa egin eta hemendik aitzinako urratsak definitzeko.

2012an sortu zen Bake Bidea, Aieteko nazioarteko konferentzian sinatu zuten adierazpena oinarri hartuta Ipar Euskal Herriko gizarte zibila antolatzeko. ETAren armagabetzea bultzatzeko Luhusoko operazioan parte hartu zutenei eman zitzaien bakegile izena. Biak batuta aritu dira azken urteetan, Euskal Herriko gatazka konpontzeko prozesuan urratsak egiteko.

Agiri labur batean jakinarazi dute ibilbidearen bukaera: «Kolektiboki egin dugun hausnarketa baten ondotik, Bake Bideak eta Bakegileek eginiko lana bukaerara iristen ari dela deritzogu», esplikatu dute. «Momentu garrantzitsu bat da Euskal Herriko gatazkaren konponbidearen alde jardun dugun guztientzat».

Hala ere, adierazi dute «oraindik bide luzea» dagoela egiteko «bake justu eta iraunkor batera iristeko». Norabide horretan eman beharreko pausoak «kolektiboki» definituko dituzte arrats honetarako antolatu duten azken foro horretan, hautetsi, antolakunde politiko, sindikal eta sozialen artean, baita Bake Bideko kideen eta bakegileen presentziarekin.

Izena eman behar zen foroan parte hartu ahal izateko; leku guziak beteak dira. 

Foroetatik armagabetzera

Militante politikoen kontra Espainiako Estatuak ezarritako euroaginduak salatzeko osatutako kolektiboa izan zen Bake Bidearen abiapuntua. Hura desegin, eta 2012ko urrian eratu zuten talde berria, Aieteren biharamunean bake prozesu baten aldeko gehiengo bat osatzeko. Baionan foro bat egin zuten urte hartako abenduan, eta urratsak egiteko eskatu zioten Frantziako orduko gobernu sozialistari. Elkarlana eta akordioa funtsezkotzat jo zituzten.

Ipar Euskal Herriko ordezkari politikoak, 2012ko Baionako foroan. GAIZKA IROZ
Ipar Euskal Herriko ordezkari politikoak, 2012ko Baionako foroan. GAIZKA IROZ

Gerora, foro bat baino gehiago antolatu izan dituzte, Ipar Euskal Herrian bezala Parisen, eta harreman sare zabala ere landu dute, eragile politiko, sozial eta sindikaletako ordezkarien eta arlo anitzetako intelektualen babesa eskuratzeko asmoarekin. 

Baionako Adierazpena izan zen bide horretan mugarrietako bat. Euskal Herriko gatazkaren konponbidean aitzina egiteko urratsak adostu zituzten Ipar Euskal Herriko sentsibilitate politiko anitzetako pertsona ezagunen artean. Izenpetzaileen artean ziren, besteak beste, Jean Rene Etxegarai —gaur egungo Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria—, eta Max Brisson (LR) eta Frederique Espagnac (PS) —gaur egun senatariak—. 

Baina Frantziako Gobernuak ez zien jaramonik egin Ipar Euskal Herritik egin zitzaizkion eskaerei. Espainiatik ez zetorren bestelako haizerik, eta Norvegian elkarrizketarako prestatutako espazioak ez zuen emaitzarik eman. Konponbide prozesua aipatzean, «blokeo» hitza zen denen ahotan. 

2016ko abenduan iritsi zen beste mugarri bat: ETAren armagabetzea bideratu zuen Luhusoko operazioa. Han agertu ziren bakegileak. Ekinbide haren ondorioz, Frantziako Gobernuak jarreraz aldatu zuen, eta ondoko urteko apirilaren 8an armagabetze eguna antolatu zuten Baionan. Urtebete beranduago desegin zen ETA.

Presoen auzia

2017ko uztailean, Ipar Euskal Herriko ordezkaritza bat osatu, eta euskal presoei buruzko lan esparru bat irekitzea adostu zuten Parisen. Elkarrizketa horien eraginez, euskal presoei bereziki zaindu beharrekoen DPS estatusa kentzen hasi ziren, eta gizonezkoak Mont-de-Marsango eta Lannemezango (Okzitania) presondegietara hurbiltzea adostu zuten. Bide horretan, milaka herritarrek euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioa egin zuten Parisen 2017ko abenduan. 

Mobilizazio andana egin zituzten urte horietan presoen auziari konponbidea eman ziezaiotela eskatzeko. Bereziki nabarmendu zen Jon Parot, Jakes Esnal eta Frederic Haranbururen kasua. Bizi guztiko zigorra zuten hirurek, eta behin eta berriz ukatu zieten baldintzapean aske uztea. 

Esnal eta Parot askatzea eskatzeko desobedientzia ekintza. BOB EDME
Esnal eta Parot askatzea eskatzeko desobedientzia ekintza. BOB EDME

Herritarrak mobilizatu eta desobedientzia ekintzak egiteari ekin zieten Bake Bideak eta bakegileek. 2022ko uztailean Ipar Euskal Herriko errepideak blokeatzera deitu zuten. Urte horretako irailean gelditu ziren aske Parot eta Esnal —Haranbururi 2020ko azaroan onartu zioten baldintzapean aske geratzea—.

Epaiketak

Azken urteetan, epaiketen aroa izan da. Desobedientzia ekintzetan parte hartu zutenak auzipetu zituzten lehenik; gehienez ere isunak eman zizkieten, gibelapenarekin. 

Iaz egin zuten Parisen Luhusoko operazioan parte hartu zutenen kontrako epaiketa. ETAren armagabetzean Paris eta Bakegileak lankidetzan aritu zirela kontatu zuten orduko Frantziako agintariek. Azkenerako, erruduntzat jo zituzten, baina zigortu gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.