Euskal presoek "Hitzeman, gizarteratzeko legezko prozesuak laguntzeko programari" jarraitu nahi badiote, "bakea eta bizikidetza behin betiko ezartzen eta hari eusten laguntzeko" konpromisoa agertzeko adierazpen bati atxiki beharko zaie, Jonan Fernandezek esan duenez.
Hitzemanen helburuen da presoak "gogoeta autokritikoa" egitea,"biktimei eragindako kaltea onartzeko", baina ez diote damua eskatuko. "Autokritika da hautatu dugun kontzeptua, arrazionalagoa baita. Damuak moralarekin du zerikusia. Hala ere, ez dugu hitz joko batean sartu nahi".
Halaber, Jaurlaritzak zehaztu du larri gaixo dauden presoek edo 70 urtetik gorakoek, "legez dagokiena jasotzeko", ez dutela zertan jarraitu programari, eta "presoen hurbiltzea ere ez dago horrekin lotuta".
"ETAk terrorismoa behin betiko bukatu ondoren" sortutako testuinguru berria dela-eta Jaurlaritzak espetxe politika berria sustatu nahi du Hitzeman-ekin, "baina programak ez du ezer bermatzen; ez da inolako formula magikoa eta ez du itxaropen faltsurik sortu nahi". Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuari duela bi aste aurkeztu ziola jakinarazi du Fernandezek, "eta Rajoyk erantzun zion aztertuko duela".
Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak, orain, bost hilabeteko epea zabalduko du ekarpenak jasotzeko. "Eta, jakina, presoen inguruko elkarteekin egon beharra daukagu". Kudeaketa batzorde bat sortuko du, eta hark proposatuko die presoei zer ibilbideri jarraitu.
Euskal presoen artean bereizketa bat egin du Jaurlaritzak, programan parte har dezaketenen artean, adibidez, Bateragune auzikoak ere sartzen al dituen galdetutakoan. "Batez ere, terrorismoagatik zigortutakoei zuzentzen gaitzaizkie", esan du Fernandezek. "Legezko erantzun bat eskatzen dugu legez kanpoko ziren baina gaur legezko diren jarduera politikoengatik zigortuta daudenentzat", zioen gaur zortzi Urkulluk Eusko Legebiltzarrean.
Hitzeman programak "Langraiz bidearen esperientziaren balioa biltzen du", baina haren aldean desberdina dela dio Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak. "Gurea sistematizatua dago, eta instituzioen zeregina ondo definitua dago. Plan baten barruan sartzen da. Langraiz bidea, berriz, pertsonalki jorratutako bide bat da".