Bake prozesuari begira geldi egotea egotzi dio Bilduk Nafarroako Gobernuari

Maiorga Ramirezek dio hurrengo hilabeteetan UPN eta PSNren arteko kontraesanak nabarmen handituko direla

Bakartxo Ruiz eta Maiorga Ramirez, atzo, Iruñean. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
iruñea
2011ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Sei hilabete igaro dira UPNren eta PSNren arteko gobernua osatu zenetik. Bildu koalizioak irakurketa kritikoa egin du, bai krisi ekonomikoari aurre egiteko orduan, bai bake eta normalizazio prozesuaren aurrean. Bakartxo Ruiz Bilduko eledunak azken hilabeteetan egindako urrats esanguratsuak azpimarratu ditu, baina horien aurrean ez ikusiarena egitea egotzi dio Nafarroako Gobernuari: «Ez du ezer ikusi. Aieteko Adierazpena, ETAren agiria eta jendartearen jarrera berdin zaizkio Barcinari». Hala, egungo egoerak eskatzen duen ausardiaz eta erantzukizunaz jokatu beharrean «beste aldera begiratzea eta geldi-geldirik» egotea aurpegiratu dio Nafarroako presidenteari.

Urte amaierako azterketa egin zuten atzo Maiorga Ramirez eta Bakartxo Ruiz Bilduko parlamentu taldeko eledunek. Ramirezen arabera, krisiaren aurrean ere «herritarrei bizkarra emanez» gobernatzen ari dira UPN eta PSN. Kontuan hartu behar da sei hilabeteotan aurtengo gastu publikoari 294 milioi euroko murrizketa ezarri diotela, eta 2012ko aurrekontuetan ere murrizketa gehiago proposatu dituztela. Bilduren arabera, murrizketa horiek inposatzeko «PSNren laguntza ezinbestekoa izan da».

Oso kritiko agertu da Maiorga Ramirez Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusi eta Gobernuko lehen presidenteordearekin. Hauteskundeetako emaitzak direla-eta, Jimenezek egunotan azaldu du herritarren hitza entzun eta horren zentzua ulertu dutela. «Harritzekoa da hori entzutea eta UPNk Nafarroako Gobernuan eta Iruñeko alkatetzan jarraitzea», kritikatu du Maiorga Ramirezek.

Amore eman gabe

Haren ustez, Nafarroan posible da gobernu aurrerakoi bat izatea: «Hori da gure nahia, eta Nafarroak merezi duena. Bakoitzak jakinen du zergatik une honetan UPN gobernatzen ari den, eta noren ardura den». Maiorga Ramirezek nabarmendu du ez dutela amore emango alternatibarik ez dagoela diotenen aurrean. «Horretarako borondatea baino ez da behar». Alde horretatik, positibotzat jo dute UPNren politikari aurre egiteko Bilduk egindako lana: «Tresna egokia izan da. Bazterketarik gabeko indar bilketak etorkizuneko aukera izaten jarraitzen du».

Maiorga Ramirezek uste du PSNren kontraesanak gero eta nabarmenagoak izango direla hurrengo hilabeteetan. «PSNk herritarrek eskatzen dutena ulertzeko behar duen denbora bera baliatuko du eskuinak bere politikak ezartzeko», gaitzetsi du. Haren ustez, gehiengo sozial zabal bat dago zerbitzu publikoen murrizketen aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.