Gaur goizeko atxiloketak arbuiatu ditu Sortuk, arratsaldean eginiko agerraldi batean. Amaia Izko eta Pernando Barrena alderdiko bozeramaileek hartu dute hitza, eta, esan dutenez, "helburu politiko jakin bati erantzuten dioten aurrez prestaturiko ekintzak" dira atxiloketak.
"Bakea eraikitzeko prozesuaren aurkako erasotzat" jo ditu Sortuk Guardia Zibilak eginiko atxiloketak, eta ohartarazi "bakearen etsaiak" ez daudela "blokeo jarrera hutsean": "Inboluzioaren agenda ipini du martxan PPk. Estatuak ez dauka eskaintza demokratikorik Euskal Herriarentzat. Bakearen etsai dira, bakeari beldur diotelako. Nahiago dute gatazka egoera iraunkortu eta Espainiar proiektu indarrez inposatzen jarraitu".
Konponbideari erasorik ez, utzi bakean Euskal Herria lelopean egingo dituzten mobilizazioekin bat egitera dei egin die Sortuk herritarrei.
Amaiur, inkomunikazioaren kontra
Jorge Fernandez Diaz Espainiako barne ministroari pertsonalki bidalitako eskutitz batean, Gipuzkoan atxiloturiko bi lagunak ez ditzatela inkomunikatu eskatu du koalizioak.
Amaiurrek gogoratu du nazioarteko hainbat erakundek plazaratu dituztela ebazpenak Espainiaren kontra, tortura salaketak direla medio. Maria Atxabalen kasuan Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Batzordeak kaleraturiko ebazpena, Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeak egin duen txostena eta Guardia Zibilak buruturiko hainbat atxiloketen harira Giza Eskubideen Europako Epaitegiak onarturiko ebazpenak gogorarazi ditu Amaiurrek.
"Euskal gatazkarekin loturik Guardia Zibilak buruturiko atxiloketen historiari begirada bat emanez gero ondoriozta dezakegu Jon Lizarribar eta Ruben Gelbentzu torturatuak izateko arrisku handia dagoela", azaldu du.