Gerra garaian lehen Eusko Jaurlaritzaren egoitza izandako Carlton hotela hautatu du EH Bilduk Laura Mintegi lehendakarigai gisa aurkezteko. Bertan bildu ziren, atzo eguerdian, koalizioa osatzen duten lau alderdietako hainbat ordezkari.
Hautagaiak hitza hartu aurretik, Anjeles Iztuetak argitara atera ditu Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira koalizioaren programa hezurmamituko duten bi proposamenak: bakea «egonkortzea» eta krisi egoerari «herritarren neurriko aterabidea» ematea izango dira EH Bilduren helburu nagusiak.
Koalizioak «bakegintzaren alde» hartutako konpromisoa berretsi du Iztuetak: «Bakea, askatasuna, justizia eta berdintasunaren alde herri honetan existitzen den gehiengoa antolatu gura dugu». Halaber, Euskal Herria nazio gisa «aitorpen osoa» lortzera eta «autodeterminazioa gauzatzeko eskubidearen defentsa» egitera ahaleginak bideratuko ditu EH Bilduk. Horrez gain demokrazia parte hartzailearen, justizia sozialaren, gazteen, emakumeen eta euskararen alde, eta arrazakeria zein xenofobiaren kontra lan egitera engaiatu da koalizioa. Iztuetak azaldu duenez, aniztasunak «indarra» ematen dio koalizioari: «Ezkerreko soberanista guztien etxea izan nahi du EH Bilduk». Azkenik, euskal gizartearen gehiengoak «aldaketa bat nahi duela» nabarmendu Iztuetak, aldaketa hori «arlo guztietan garatzeko bermea» EH Bildu dela gaineratuz. «Politika egiteko beste modu bat dagoela erakutsiko dugu». Ildo berean, Soluzio argiak izango da koalizioak hauteskunde kanpainian erabiliko duen leloa.
«Ardura eta ilusioa»
Iztuetaren mintzaldia bukatu bezain laster, Mintegi bera izan daoholtzara igo dena, Carlton hoteleko areto nagusian bildutako dozenaka kazetarien arreta bereganatuz. Koalizioaren proiektu politikoa defendatzeak «ardura eta ilusioa» eragiten diola adierazi du lehendakarigaiak, programa azaltzeari ekin aurretik.
EH Bildu. Lehendakarigaiaren aurkezpena
«Bakea eta justizia soziala» bultzatuko ditu Mintegik
Gatazkaren konponbidea sustatzeko eta krisiari «herritarren neurriko aterabidea» emateko konpromisoa hartu du EH BildukKoalizioko kideek uste dute euskal herritar gehienek «aldaketa» nahi dutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu