Eusko Jaurlaritzak ETAren armagabetzean eta desegitean izandako eginkizunaren deskribapena eta balorazioa txostena aurkeztu zuen joan zen astean Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak, eta Bakegileak "guztiz kontra" daude desarmatzeari buruz eman duen bertsioarekin. Zehazki, gai horretaz Jaurlaritzarekin izandako harremanak eta bilerak aipatzen diren zatian, azalpenak "modu trukatuan eta okerrean" azaltzen direla esan dute gaur arratsaldean, ohar baten bidez, Mixel Berhokoirigoinek eta Jean Noel Txetx Etxeberrik, bakegileen izenean. "Historiaren berridazketa bat baino ez da, gezurrean oinarritua eta guztiz interesatua".
Laburra da prentsa oharra: "2019ko urrian publiko egin zen ETAren armagabetzean eta desegitean Eusko Jaurlaritzak egindakoaren deskribapena eta balorazioa txostenaren berri izan dute Bakegileek. Guztiz kontra egiten dugu Eusko Jaurlaritza eta ETAren armategia desegiteaz arduratu zen Bakegileen artean izandako harreman eta bilkurak aipatzen dituen zatiarekin. Historiaren berridazketa bat besterik ez da, gezurrean oinarritua eta guztiz interesatua. Irakurleak batzuetan atera dezakeen ondorioa guztiz kontrakoa da, makurrik eta atxiloketarik gabe iragan den ETAren armagabetze osoan, Eusko Jaurlaritzak izan duen paperari doakionean. Txosten honetan modu trukatuan eta okerrean agertzen diren Eusko Jaurlaritzarekin izan ditugun bilera eta eztabaiden berri emango dugu beranduago".
ETAren armagabetze prozesuan bakegileekin izandako harremanaz besteak beste zera dio Lehendakaritzak, aipatutako txostenean, BERRIAren ETAren bukaera faseko kontuak eta komeriak artikuluak joan den astean laburtu zuenez:
(...) Bakegileekin harreman tirabiratsua izan zuen [Jaurlaritzako Lehendakaritzak]. Esan duenez, “ezker abertzaleko iturri fidagarriek eta baimenduek berretsi” zioten armagabetzeaz zenbait erabaki hartuta zeudela eta “bakegileen zeregin erreala ez zela beti bat etortzen hauek beren buruei egozten zizkietenekin”. 2017ko otsailaren 6a eta martxoaren 30a artean bakegileek eta Lehendakaritzak bederatzi bilera egin zituzten; “konplexuak”, Jaurlaritzaren iritziz, bakegileek haren “babes itsua” nahi zutelakoan. “Informazio lausoa” ematen zietela adierazi du Lehendakaritzak.
Esan du zenbait adostasun lortu zituztela: armagabetzea legezkoa, behin betikoa eta baldintzarik gabea izango zela, eta hala esan zela. Desadostasunak ere baziren, txostenak nabarmendu duenez: bakegileek armagabetzearen data publiko egitea, armategien kokapenetara “ehundaka” boluntario bidaltzea eta desarmatzearen egun berean “jai giroko mobilizazioa" egitea —ETAren biktimenganako errespetu falta esan nahi zuen, Jaurlaritzaren aburuz—. "Bakegileen diseinuan parafernalia gehiegi, exhibizionismo gehiegi eta propaganda gehiegi" zeudela ikusten zuen, eta bien arteko hartu-emanaren bukaeran “dialektika tentsio handia” egon zen.
Lehendakaritzaren arabera, armagabetze prozesuan Rajoyrekin “etengabeko harremana” eduki zuen Urkulluk. Frantziako Gobernuarekin, “komunikazio argia eta leiala”. Eta NEBekin, “komunikazio estua eta kolaborazio leiala”. Urkulluk Rajoyri esaten zion ez galarazteko armagabetzea, eta Parisekin hitz egiteko desarmatzerako joko eta legaltasun arauak ezartzeari buruz. Eta Paristik Jaurlaritzak “mezu argia” jasotzen zuen, betiere txostenak dakarrenez: “Frantziako Gobernuak ez zuen parte hartzerik nahi armagabetze planean, ezta bide polizialetik ere. Ez zuten nahi artisauek eta NEBek zuloen kokapena Poliziari ematea, Justiziari baizik”. Bakegileek prozesuko azkeneko asteetan komunikazio bide zuzena izan zuten Frantziako Estatuko autoritateekin, Luhuso liburuan ageri den bezala.
Lehendakaritzak aitortu du Urkulluk tentsio uneak bizi izan zituela Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakariarekin ere. Etxegaraik “presio” egiten omen zion Baionan izan zedin armagabetze egunean (2017-4-8). Ez zen izan han Jaurlaritzako lehendakaria, jardunaldiaren eskema “funtsean” ez zelako aldatu eta armategiaren inbentarioa aurrez ez zuelako ezagutu. Egun berean, armagabetzearen ondoren, prentsa agerraldi bat egin zuen Ram Manikkalingam NEBeko buruarekin, Donostian.
BERRIAk, Jakinek eta Elkarrek Luhuso. ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna liburua argitaratu zuten 2017ko abenduan.