Bakegileek larunbateko ekintzen balorazio «biziki positiboa» egin dute

Ohartarazi dute balantzea «osoki baikorra» izango dela baldin eta Jakes Esnal eta Ion Kepa Parot beranduenez irailaren 22an askatzen badituzte

Bakegileen blokeatze bat, joan den larunbatean. JON URBE / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Bakegileek erdiz erdi blokeatu zuten Ipar Euskal Herria joan denlarunbatean, eta oihartzuna izan zuten euskal presoen etxeratzearen aldeko desobedientzia ekintza horiek. Izan ere, 2.000 pertsona inguruk hartu zuten parte, eta hamabost gune «estrategiko» blokeatu zituzten. Mobilizazioaren balorazio «biziki positiboa» egin dute antolatzaileek. Besteak beste, determinazioaren indarra erakutsi dutelako «axolagabekeriaren aitzinean, elkortasunaren aitzinean eta estatuaren mespretxuaren aitzinean», eta, horrekin batera, erakutsi dutelako lurralde oso batek eta bertako herritarrek «uko» egiten diotela pasibo egoteari bi presok jasaten duten «injustizia» dela eta.

Horrez gain, nabarmendu dute larunbatean blokeatzeen koadro baketiarra «osoki errespetatua» izan zela. Era berean, blokeatu zituzten puntu guztietan prestakuntza «zehatza» egin zutela adierazi dute, eta horri esker arrisku guztiak saihestu zituztela. Parte hartzaileen segurtasunari dagokionez, iragarpen ezberdinak aurreikusi zituztela azaldu dute, eta Frantziako Estatua jakinaren gainean jarri zutela prefetaren bitartez.

Eric Spitz prefetak legez kontrakotzat jo zuen blokeatzea, eta zigorrak iragarri zituen parte hartzaileentzat. Bakegileek, baina, nabarmendu dute antolatzaileek eta parte hartzaileek arriskatzen zituzten zigor judizialak eta ekinaldiaren beraren debekuak ez zituela atzerarazi bertaratutakoak: «Parte hartu duten 1.700 pertsonetatik bakoitzak egin du desobedientzia zibilaren hautua, kontzientzia eta ardura osoz, bake prozesuaren geldotzeari aurre egin nahian».

Ekintzetan parte hartu zuten 26 pertsona atxilotu zituzten —sei aireportuan atzeman zituzten, 11 autobideko blokeatzean, eta bederatzi trenbidean harrapatu zituzten—. Arratsean utzi zituzten libre, aurrerago egingo zaien deialdi judizialaren zain. Antolatzaileek haien «kuraia eta engaiamenduaren kalitatea» goratu dute, eta iragarri dute haien «momentu judizialetan» Bakegileek emango dituzten erantzunak orain arte egin duten «mobilizazio osoaren parekoak» izango direla.

Hala ere, Bakegileek ohartarazi dute balantzea ez dela «osoki baikorra» izango Jakes Esnal eta Ion Kepa Parot irailaren 22a baino lehen askatzen ez badituzte. Izan ere, egun horretan emango dituzte bi euskal presoek baldintzapean aske geratzeko egindako eskaeren emaitzak. Horrekin batera, gogorarazi dute 71 urte baino gehiagoko zigorra dutela Esnalek eta Parotek, eta 32 urte baino gehiago daramatzatela preso Frantzian.

Horrez gain, azaldu dute kondenak aplikatzeko epaileak baldintzapean aske uztearen alde egiten duela, baina terrorismoaren kontrako prokuradoreak «sistematikoki» uko egiten diola erabaki horri. Horrek presoak heriotza zigorrera kondenatzen dituela salatu dute, bizi guztiko kartzelaren bitartez. «Ez dugu pentsatu nahi nola buka daitekeen preso horien egoera; are gehiago Korsikan gertatu dena ikusirik», adierazi dute.

Borrokan jarraitzeko deia

Bakegileek iragarri dute beste protesta mota batzuk jarriko dituztela abian baldin eta datozen bi hilabeteetan Esnal eta Paroten libratzearen aldeko keinurik ez badago. Bakegileen arabera, ekintza horiek «crescendo» joango dira, eta ikusgarriak izango dira, eta politikoki eta mediatikoki herritarrekin adostuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.