Aralarren ustez, Eusko Jaurlaritzak bakerako hezkuntza planean egin dituen aldaketak ikuspegi «politiko eta mediatiko» batetik egin ditu, ikuspegi didaktiko batetik egin ordez. Adierazpenok atzo egin zituen Aintzane Ezenarro legebiltzarkideak, Gasteizen egindako prentsaurrekoan.
Hain zuzen ere gaitzetsi duGALen eta Poliziaren biktima banaren lekukotasunak eta Baketik zentroak antolatutako antzerki tailerra kendu izana Bakerako urratsak eta Marka uzten diguten istorioak unitate didaktikoetatik. Oro har, plan berria aurreko Jaurlaritzak diseinatutakoaren oso antzekoa dela adierazi du, eta egin dituzten aldaketak txarrerako izan direla.
Ezenarrok adierazi duenez, Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuari Eusko Legebiltzarrean agertzeko eskatuko dio gai horri buruzko azalpenak emateko. Aralarrek lege proposamen bat ere aurkeztuko du, aipatutako testigantzak eta torturaren inguruko erreferentziak unitate didaktikoetan txertatzeko.
Ikastetxeak irakasteko daudela esan du, ez ikasleak «doktrinatzeko». Biktimen testigantza «baliagarria» izan daiteke ikastetxeetako haurrak «bakearen eta giza eskubideen alde eta indarkeriaren aurka» hezteko, baina irakaskuntzaren erdigunean egon gabe.
Ezenarrorentzat, Eusko Jaurlaritzak uste du hezkuntza sistema «zorretan» dagoela biktimekin. Haren iritziz, ordea, oker daude: «Adingabeek ez diete ezer zor biktimei».
Biktimak ikasgeletan
Urtarrilaren 13an aurkeztu zuen Hezkuntza Sailak Bizikidetza Demokratikorako eta Indarkeriaren Deslegitimaziorako Planari lotutako material didaktiko berria.Zelaaren arabera, «biktimekiko enpatia sortzea» eta «indarkeriaren aurkako jarrera piztea» du helburu.
Horretarako, ehun biktimaren testigantza jaso dute, gehienak ETAren jarduerak eragindakoak. Hamalau biktima ikasgeletara joateko prest agertu dira, eta Zelaak ikastetxeak horretara animatu nahi izan ditu.
Bakerako hezkuntza planeko eduki berriak kritikatu ditu Aralarrek
Ezenarrok esan du GAL eta Poliziaren biktimen lekukotasunak unitate didaktikoetan sartzeko eskatuko dutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu