Politika

Bakerako urratsak eskatu dituzte Bilboko eta Donostiako gotzainek

Ricardo Blazquez gotzaina izan da Bilboko Begoñako basilikan Andra Mariaren Jasokundea ospatzeko elizkizunaren buru; Juan Maria Uriarte kargukideak gidatu du Donostiako Santa Maria basilikakoa. Biek Euskal Herriko egoera izan dute hizpide sermoietan, eta bakerako urratsak egin daitezela eskatu dute. Bakoitzak bere ñabardura jarri du, ordea: Blazquezen iduriko ETAko kideen barkamen eskaerak indartuko luke bake itxaropena. Uriartek, berriz, "distentsioa eta elkarrengana hurbiltzea" eskatu die "bakearen arduradun nagusiei".

2006ko abuztuaren 15a
19:04
Entzun
ETAk su-etena eman izanak gizartean "bake itxaropena" sortu duela esan du Blazquez Bilboko gotzainak sermoian, "itxaropen berri baten hasiera izan zen, baina ez zituen zuhurtzia sentimenduak ezabatu". Ildo horretatik,itxaropen hori sendoteko beharra dagoela nabarmendu du, eta,horretarako, ETAko kideek biktimei barkamena eskatzea oso lagungarria izango litzatekeela iritzi dio: "[itxaropena] erabat sendotuko litzateke teorristek pertsonei, familiei eta herriari kalte egin diotela onartzen badute", azpimarratu du.

Halaber, bake itxaropenari eutsi beharra nabarmendu du Uriarte Donostiako gotzainak Santa Marisa basilikan eman duen meza nagusian. Izan ere, itxaropen hori une batzuetan ahul eta hausgarri sumatzen duela iradoki du, eta bakera iristeko prozesua gaitza izango denez aurrera egiteko herritarrek itxaropenari eustea ezinbestekoa dela. Horregatik, agintariei eta "bakearen arduradun nagusiei" bakerako urratsak eman ditzatela eskatu die: "distentsio seinalea, elkarrengana hurbiltzea eta egiazko elkarrizketa". Horretarako guztirako malguak izan beharko dutela oroitarazi die, "gogo handitasuna erakutsi beharko dute bakea alderdien interesen gainetik jartzeko, sufrimendu guztiak aintzat hartzeko, jarrera malguak izateko, eta bertan harrapatuta geratu gabe iragana berriz bizitzeko", azpimarratu du.

Setienen kezkak

Blazquez eta Uriartez gain Jose Maria Setien Donostiako gotzain izana ere mintzatu da gaur Euskal Herriko giro politikoaz, bi egunkarik plazaratu duten elkarrizketan. ETAren su-etenak itxaropena sortu duela agertu du Setienek ere, baina prozesuaren inguruko zenbait kezka ere agertu ditu, batik bat, bakegintza eta normalizazioa lotzeari dagokiona. Izan ere, Donostiako gotzain emerituaren arabera, bakea eta normalizazio politikoa elkarrekin uztartzen ari dira, eta hori arriskutsua da: "Nahasketa hori egiten bada konponbidea oinarri-oinarritik kutsatua legoke".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.