«Baldintza hauetan», EAJk hauteskunde legea aldatzeari ezetz esango dio

Andoni Ortuzarrek nabarmendu du alde egindakoei itzultzeko aukera ematea dela lehentasuna

Andoni Ortuzar EAJren BBBko lehendakaria, alderdiaren ekitaldi batean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2012ko uztailaren 31
00:00
Entzun
PP bultzatzen ari den hauteskunde legearen erreformaren kontra agertu da EAJ egunotan. Igandean, Iñigo Urkullu EBBko buruaren ahotan. Atzo, Andoni Ortuzar BBBko buruaren eskutik. Urkulluk jakinarazi du EAJk dagoeneko Barne Ministeriotik jaso duela hauteskunde legea aldatzeko aditu talde batek egindako txostena. Hala ere, argitu du txostenarekin batera ez dela iritsi hitz egiteko gonbitik. EAEko PP, ordea, harremanetan jarri da EAJrekin gai horri buruz hitz egiteko, baina, Urkulluren ustez, ez du gaitasunik gai horretan Espainiako PPren jarrera baldintzatzeko.

Ortuzar EAJren BBBko lehendakariak, berriz, Espainiako Gobernuari ohartarazi dio «baldintza hauetan» EAJk ezetz esango diola hauteskunde legea aldatzeari, «argi eta garbi». Ortuzarren ustez, PP «presaz» eta «harrokeriaz» jokatzen ari da hauteskunde errolda aldatzeko ekimenarekin, interes elektoralistaz ez ezik; horrelako aldaketa bat gizartea ados jarrita bideratu beharko litzateke, eta Eusko Legebiltzarrean onartu beharko litzateke. Ortuzarren iritziz, «hauteskunde legearen erreforma bat Euskadin ezartzeko PPren gehiengo osoa erabiltzeak iruzur usain handiagoa izango luke».

Itzultzea lehentasun

EAJk uste du lehentasunak ez duela izan behar erroldaren hauteskunde aldaketa, baizik eta ETAren mehatxuarengatik joandakoei itzultzea erraztea. «Nire aberkideak Euskadira itzultzea nahi dut, haiek hala nahi badute», esan zuen atzo Ortuzarrek. Gogora ekarri zuen abertzaleen artean herritar ugari daudela erbestean izan direnak. «Euskal abertzaleek ere badakigu zer den erbestea, zure herritik alde egin beharra, deserriratzea, herrimina... Haien desioa beti izaten zen herrira itzultzea. Orduan aipatzen zen esaldia 'Gabonetarako, etxean' izaten zen». Ortuzarrek honela gaineratu zuen: «Alde egin behar izan zuten biktimak itzuli ahal izatea da lehentasuna; hemen egongo lirateke erroldatuta, eta ez litzateke ika-mikarik egongo».

PSEren eskaera

Ortuzarren adierazpenen harira, PSEk dei egin dio EAJri bat egiteko «itzultze planarekin». Plan hori Eusko Legebiltzarrean tramitatzen ari da, Terrorismoaren Legea aldatzeko proposamen baten bidez. Proposamena PSEk, PPk eta UPDk aurkeztu zuten, eta orain alderdi sozialistak atxikimendua eskatu dio EAJri. «Azken hamarkadetan, Euskadiren etorkizunaz galdeketa bat egiteko planteatzen zutenean ere, ez zuten kezkarik agertu erbesteratuen parte hartzeaz, ezta itzultzeaz ere», nabarmendu du PSEk, prentsa ohar baten bidez.

Pello Urizar EAko idazkari nagusiak, berriz, onartu egin du ETAren indarkeriaren ondorioz alde egin zutenen itzultzeko eskubidea, baina hauteskunde legearen erreformaren kontra agertu da, «haren helburua herri honen errealitate soziala aldatzea delako». Urizarren ustez, hauteskunde legea aldatuz «emaitza batzuk eta boto batzuk» lortu nahi ditu PPk. Hala ere, Urizarrek dionez, «saio antidemokratiko horrek» ez du eragotziko independentismoak aurrera egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.