«Baldintzak baldin badaude» Euskal Herrian bake prozesu bat babesteko eskatu dio Iñigo Urkullu EAJko presidenteak EB Europako Batasunari. Buruzagi jeltzaleak azaldu duenez, ETAren indarkeria «behin betiko» amaitzea izango litzateke «ezinbesteko baldintza», eta EBk emandako laguntzak, besteak beste, elkarbizitza heziketarako edota presoen bergizarteratzerako izan beharko lirateke, Ipar Irlandako kasuan EBk sustatutako Peace programaren bidez egin zen moduan.
Urkullu Cecilia Malsmtrom Europako Batzordeko Barne Gaietarako komisarioarekin bildu zen atzo, Bruselan. Ordubete inguru izan zen harekin, eta EAJko buruzagiak egindako eskariak «harrera ona» izan zuela azaldu du alderdi jeltzaleak.
Urkulluk eginiko eskaria, baina, ez da berria. Alderdi Egunaren ondorengo astean EAJren Ados proposamenean zehaztutako bide orria argitzen aritu zen Urkullu, eta iragarri zuen Ipar Irlandako gatazka konpontze aldera Europako Batasunak abian jarri zuen Peace ekimena Euskal Herriarentzat ere lortzen saiatuko dela. Halaber, Izaskun Bilbao europarlamentariak Europako Batzordean egin zuen eskaera, uztailean.
Irailaren 26an ospatu zen Alderdi Egunean egitasmoaren gakoak azaldu zituenean, EAJko buruzagiak nabarmendu zuen bake eta normalizazio prozesu bat hasteko lehen pausoa izan behar duela ETAk «indarkeria mota guztiak» behin betiko amaitzea -horretan bat egiten egiten du Espainiako Gobernuarekin eta alderdi sozialistarekin-. Hori eginda EAJk ordezkaritza duen esparru instituzional guztietan eragiten saiatuko dela adierazi zuen.
Diru laguntzak baino gehiago
Ipar Irlandan bizikidetza programak sustatzeko ekimena da Peace. 1995. urtetik 1.800 milioi euro baino gehiago inbertitu zituen Europako Batasunak herrialde horretan.Urkulluk azaldu duenez, laguntza hori «terrorismoaren» biktimen arretarako, bake hezkuntzarako edo presoen bergizarteratze neurriak sustatzeko erabili beharko litzateke Euskal Herriaren kasuan.
Urkulluren irudiko, halere, Europako Batasunaren zeregina ez da horretara mugatu behar.
EAD Europako Alderdi Demokratak urriaren lehenengo astean Erroman eginiko batzarrean bake prozesuarekin engaiatzeko eskatu zien Urkulluk alderdiko kideei. Buruzagi jeltzaleak azaldu zuenez, besteak beste, bakearen eta bizikidetza politikoaren aldeko adierazpen eta ebazpenak sustatzeko babesa lortu nahi du, beti ere aipatutako «baldintzak» baldin badaude.
Gaur eta bihar berriz bilduko da Urkullu EADko buruzagiekin. Bruselara eginiko bidaian, halaber, Geert Bourgeois eta Bart de Weberekin N-VA Flandriako alderdi politikoko buruekin eta Guy Verhofstadt Belgikako presidente ohiarekin izan da.
Baldintzak baldin badaude prozesuari babesa emateko eskatu dio Urkulluk EBri
Europako Batzordeko Barne Gaietarako komisarioarekin bildu da EAJren EBBko presidentea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu