Asier Karrera euskal presoa baldintzapean aske geratu da. Denera, 25 urte egin ditu preso, eta iazko urtarriletik etxean ari zen zigorra betetzen, hirugarren graduan.
Karrera 2000ko azaroan atxilotu zuten, eta ordutik preso egon da. 30 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta 2023an bete zituen hiru laurdenak. Hori da baldintzapeko askatasuna eskuratzeko eskatzen dieten gutxieneko epea.
2021eko martxoan iragarri zuten etxarriaranaztarra (Nafarroa) euskal herriratuko zutela. Lehenik, Dueñasetik (Espainia, 310 kilometrora) Zaballako espetxera (Araba) lekualdatu zuten, eta gero Martutenera (Gipuzkoa) mugitu.
Hirugarren gradua, berriz, 2022ko urrian eman zioten lehen aldiz. Orduan, baina, fiskaltzaren eskaerari men eginda, Auzitegik Nazionalak atzera bota zuen hura, eta 2023ko otsailean bigarren gradura itzularazi zuten. Hilabete batzuk geroago, urrian, berriz onartu zioten gradu progresioa, eta 2024ko urtarriletik baliabide telematikoekin ari zen zigorra betetzen.