Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Gorka Vidal euskal presoa baldintzapean aske geratu da. Zaratamarrak (Bizkaia) 44 urte ditu, eta hemeretzi egin ditu espetxean.
Vidal 2004tik dago preso, eta 2019an bete zituen zigorraren hiru laurdenak. 2020an jakinarazi zuten Espainiako Espetxe Erakundeek Kordobako kartzelatik (780 kilometrora) Logroñora (105 kilometrora) lekualdatuko zutela, bigarren graduan. 2021eko urtarrilean, berriz, Euskal Herriratu egin zuten, Zaballara (Araba) lekualdatuta.
Urte eta erdi geroago, Eusko Jaurlaritzako Justizia zuzendaritzak presoari hirugarren gradua ematea adostu zuen. Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak errekurritu egin zuen, baina Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak gradu progresioa babestu zuen. Beste errekurtso bat tarteko, Auzitegi Nazionaleko Lehen Zigor Salara iritsi zen afera. Orain, baina, baldintzapean aske utzi dute.