Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, baldintzapean aske geratu da Iñaki Reta Elorrioko (Bizkaia) euskal preso politikoa, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak hala ebatzi ondotik. 2015eko uztailean atxilotu zuten Reta, eta 11 urte egin ditu preso. 67 urterekin gelditu da gaur aske.
2018an zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zioten Frantzian, eta, ondoren, sei urteko beste bat Espainian. Ez da beti leku berean egon preso: lehendabiziko hiru urteak Fresnesko espetxean (Frantzia) egin zituen, eta Mont-de-Marsanera (Okzitania) hurbildu zuten gero, Altsasutik (Nafarroa) —erreferentzia hori hartzen du Etxerat-ek— 234 kilometrora. 2021ean Espainiaratu zuten, Soto del Real espetxera —490 kilometrora—, eta hurrengo urtean baimendu zioten Euskal Herrira etortzea, Zaballara (Araba). Retari hirugarren gradua onartu zioten iazko martxoan, eta azarotik etxean ari zen zigorra betetzen, kontrol telematikoarekin.