Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Jon Crespo Galdakaoko (Bizkaia) euskal presoaren baldintzapeko askatasuna irmoa da. Eusko Jaurlaritzak onartutako hirugarren graduen aurkako lehen errekurtsoetako bat izan zen Cresporen kontrakoa. 20 urte eta erdi egin ditu espetxean, eta 2021eko irailean bete zituen zigorraren hiru laurdenak.
Crespo 2002tik dago preso, eta Valdemoro, Topas eta Murtziako espetxeetan egin zituen urte gehienak. Azken horretatik Duesora (190 kilometrora) lekualdatu zuten 2021eko urtarrilean. Espainiako Espetxe Erakundeek Crespori hirugarren gradua ematearen alde egin zuten Dueson preso zenean, eta Basauriko espetxera (Bizkaia) lekualdatu zuten urte hartako urrian; orduan hartu zuen Eusko Jaurlaritzak bere gain espetxe eskumena. Fiskaltzak, ordea, gradu progresioaren aurkako helegitea jarri zuen, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak men egin zion haren eskaerari; 2022ko otsailean itzuli zen espetxera. Gerora, espetxeko tratamendu batzordeak berriz onartu zuen galdakoztarrari hirugarren gradua ematea, eta hala egon da orain arte.