Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, baldintzapean aske geratu da Maite Pedrosa euskal presoa. Ugaotarrak 27 urte egin ditu preso, eta iazko otsailetik hirugarren graduan zegoen. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak ebatzi du askatasunaren alde.
Pedrosa 1998an atxilotu zuten, eta inkomunikazio aldian torturak pairatu izana salatu zuen. 230 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, ETArekin lotutako hainbat delitugatik, eta gehienezko 30 urteko zigorra ezarri. Besteak beste, Almerian eta Granadan egon zen preso, eta zigorraren zati handi bat Picassenten (Herrialde Katalanak, 600 kilometro) bete zuen. Hain zuzen, 2020ko azaroan lekualdatu zuten handik Zuerako espetxera (Zaragoza, Espainia, 245 kilometro). Orduan aldatu zuten lehen gradutik bigarrenera ere.
Espainiako Espetxe Erakundeek 2022ko otsailean iragarri zuten Pedrosa Euskal Herriratuko zutela, eta apirilean lekualdatu zuten Zaballara (Araba). Eusko Jaurlaritzak 2024ko otsailean onartu zuen Pedrosaren hirugarren gradua, eta ekainetik etxean ari zen zigorra betetzen, kontrol telematikoaren bidez.