Hiru ordurako ere ez zioten utzi Jakes Esnal euskal presoari espetxetik ateratzen, eta, Maritxu Paulus Basurko abokatuaren ustez, jarrera horrek agerian uzten du fiskalak «ez duela inondik ere onartuko» Esnal eta harekin batera atxilotu zituztenak baldintzapean aske uztea. Kasu berean dira Frederique Haranburu Xistor eta Ion Kepa Parot euskal presoak ere.
Agerraldia egin dute gaur Baionan Etxerat-ek eta Esnalen abokatuak, eta eskaera egin diote Frantziari, berriro: «hitzetatik ekintzetara» igaro dadila eta ez ditzala oztopa baldintzapean aske uzteko eskaerak. Gogoratu dute fiskala dela eskaerei aurka egiten dien bakarra: «Prokuradorea bakarra da helegitea ezartzen». Eta «kezkagarri» iritzi diote horri. Gaineratu dute hiru ordurako ere ez ateratzen uzteak eragin zuzena izan dezakeela martxoaren 13an egin behar duten Esnalen eskaeraren azterketan: «Auzi horri begira horrelako ateraldi bat arazorik gabe egin izanak ondorio positiboak zituzkeen».
«Mendekua?»
Frantziako Estatuko espetxeetan diren bertze euskal preso batzuen kasuak ere oroitu dituzte: Lorentxa Beirierena eta Ibon Fernandez Iradirena, erraterako. Horien kasuan ere, prokuradoreak trabatuak baititu baldintzapean aske ateratzeko eskaerak. Galdera egin diete Frantziako agintariei: «Ez bada mendekua, ez bada xantaia, zer izaten ahal da ukapen sistematiko horien arrazoia? Sufrimendua muturrera eramateko asmoa? Heriotzaraino?».