Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari onartu behar zaio —zeharka baita Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariari ere— gauzak beste modu batera egiten ari dela. Gutxienez, ez ditu arazoak ukatu eta ezkutatu, Iñigo Urkulluk eta Gotzone Sagarduik egin zuten moduan.
Hitzez ez du auzitan jarri Urkulluk eta Sagarduik egindakoa, baina ekintza batzuek irauli egin dute jasotako herentzia. Arabako eta Bizkaiko anbulantzia zerbitzuarena da horren adibide garbia. Arazoak aspaldikoak eta jakinak ziren ikusi eta konpondu nahi zituenarentzat, baina administrazioek zerbitzuak azpikontratatzen dituztenean sarritan gertatzen den bezala, azpikontratazioa aitzakia moduan erabili zuten, herritarrei esateko zerbitzuaren ardura ez zela haiena, enpresena baizik.
Martinezek, ordea, bertan behera utzi zuen La Pau enpresak eskaintzen zuen zerbitzua, eta beste enpresa batzuen bidez eskaintzen hasi zen. Ausartagoa ere izan zitekeen: anbulantzia zerbitzua publiko bihur zezakeen, Nafarroako Gobernuak egin duen moduan.
Osasun sistema publikoaren egoera eta herritarren kezkak eta iritziak kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak martxan jarri zuen osasun sistemari buruzko itun bat lortzeko prozesua. Etorkizuneko osasun sistemaren oinarriak definitzeko ariketa. Arazo bat badagoela onartzea.
Ez da kasualitatea halako zerbait kolaborazio publiko-pribatuari buruzko batzordean gertatzea. Diru asko dago jokoan eta, funtsean, baita politika egiteko modu bati eustea ere
Txalotzekoa da Osakidetzari buruzko gogoeta prozesu bat abiatzea. Zalantzak eta kezkak eragiten dituzte, ordea, ituna lortzeko prozesuaren metodologiak eta Eusko Jaurlaritzako ordezkarien zenbait mezuk.
Prozesuaren hurrengo fasera pasatzeko aurrekoaren ondorioak onartu behar izan dira, adostasunaren izenean. Eusko Jaurlaritzak jarri ditu batzordeen dinamizatzaileak. Dinamizatzaile... batzuetan bideratzaile eta epaile. Ondorioak ez desbideratzeko.
Lankidetza publiko-pribatuari buruzko batzordeko kide batzuek salatu zutenez, batzordeko dinamizatzailea batzordeko gehiengoak —sindikatuak eta ezkerreko alderdiak— onartutako iritzia urardotzen saiatu zen, Confebasken eta lankidetza publiko-pribatuaren aldekoen mesedetan.
Ez da kasualitatea halako zerbait kolaborazio publiko-pribatuari buruzko batzordean gertatzea. Diru asko dago jokoan eta, funtsean, baita politika egiteko modu bati eustea ere.
Eta denek dakite paperean idatzitakoak interpretatu egin daitezkeela: batzuentzat «indartzea», «modernizatzea», «kalitatea», «balio erantsia» eta «pazienteak ardatz izatea» gauza bat direla, eta besteentzat beste zerbait
Desadostasunak hor dirauenez, Eusko Jaurlaritzak alperra pasatu nahi du: batzordean gailendu den iritzia onartu beharrean, proposamen «integratzaile» bat aurkeztu die, aztertzeko. Umetan, jolasean, jostailuaren jabeak egin ohi zuen moduan, arauak eta erabakiak baldintzatu nahi ditu.
Akordioak, berez, ez dira onak. Adostasuna lortzeak ez du esan nahi aurrera egiten denik edo neurri anbiziotsuak indarrean jartzen direnik. Sarritan adostasunaren izenean multiplo komun txikiena hitzartzen baita, eta posible da txikiena txikiegia ere izatea.
Osasun itunaren aldeko prozesuak fase bat amaituko du ekainean. Osasun sistemaren oinarriak definituko dituzte. Paperean. Eta denek dakite paperean idatzitakoak interpretatu egin daitezkeela: batzuentzat «indartzea», «modernizatzea», «kalitatea», «balio erantsia» eta «pazienteak ardatz izatea» gauza bat direla, eta besteentzat beste zerbait. Hori hasieratik zekiten, denek.
Prozesuan parte hartu dutenek, Eusko Jaurlaritzak batez ere, kontsekuenteak izan beharko dute: ondorioak erabaki bihurtu beharko dituzte, eta erabakiak, diru eta baliabide. Kontsekuente izan beharko dute baldin eta benetan Osakidetza indarberritu nahi badute eta prozesuaren helburua ez bada izan hasieratik pentsatuta zeuzkaten premisa batzuk ondorio bihurtzea, eragileen konplizitatearekin.