Euripean, argazki kamera eskuan eta galtzak belaunetaraino jasota, balea bertatik bertara ikustera jendetza hurbildu zen atzo goizeko lehen orduetan Zarauzko hondartzara (Gipuzkoa). Goiztiarrenek atzeman zuten kaxalote trabatua, hondarretatik askatzeko ahaleginetan, buztana astinduz. «Balea, balea!!», oihukatzen zuten, aspaldian arrantzaleek egiten zuten bezala.
«Bizirik al dago?». Horixe zen galdera eta kezka nagusia goizeko lehen orduetan. Izan ere, olatuen kolpeekin, batera eta bestera mugitzen zen balearen isatsa. Goiz hurbildu zirenek hasieran gehiago mugitzen zela azaldu zieten, ordea, gainontzekoei. «Animalia gaixoa», errukitu zen bat baino gehiago.
«Ez dut sekula halakorik ikusi!», zioen gizon batek. «Izurdeak, bai, tarteka, baina balearik hondartzan? Inoiz ez!». Ikusmin handia piztu zuen, eta herritar asko animaliarekin argazkiak ateratzera hurbildu zen. Denek nahi zuten gertutik ikusi, eta ukitu. «Zer nazka, likatsua da!», harritu zen haur bat balearen isatsa laztantzean. «Pneumatikoa dirudi!», zioen besteak.
Irratiaren bidez jakin zuten albistea zenbaitek, eta lagunei zein senideei deika zebilen hondartzan mundu oro. «Etorri azkar, eraman egingo dute eta!», oihukatu zuen batek telefonotik. Bigarren batek lanetik ihes egin duela azaldu zion lagunari, eta hirugarrenak, berriz, oso berandu zihoala lanera. Ezin halako aukera galdu.
Mareak berriz gorantz ekin zion, eta kaxalotea berriz itsasoratu ahalko zutenaren esperantza zuten askok. Ordurako, baina, ez zuen arnasarik hartzen.
09:00ak inguruan itsas fauna ikertzeko eta zaintzeko Ambar elkarteko kideak azaldu ziren, eta jendea sakabanatzeari ekin zioten. «Utzi balea bakean, eta ez ukitu, ez dakigu-eta gaixorik ote dagoen!», oihukatu die elkarteko kide batek animaliaren ondoan bildutakoei. Eskuak begiratu, eta atzera egin dute, atsekabetuta. Inork, ordea, ez du etxerako bidea hartu; han bildutako emakume baten esanetan, «halakoak bizitzan behin bakarrik gertatzen baitira».
«Balea, balea!»
Zarauzko hondartzan ikaragarrizko ikusmina eragin du balea agertzeak. Goizean goizetik jendetza handia batu da. Harrituta denak, inoiz halakorik ikusi gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu