Amagoia Osinalde. Urtxintxa eskolako koordinatzailea

«Balioetan oinarritu behar da heziketa, eta horretan zeresan izugarria du aisiak»

Hezkuntzaren gaineko eztabaida teorikoak eta hainbat herrialdetako esperientzia praktikoak uztartu dituzte joan den ostiralean eta larunbatean Bilbon, Urtxintxa eskolak prestatutako jardunaldietan.

jon olano
2012ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Mende laurdena bete du aurten Bilboko Urtxintxa eskolak, eta bakegintzari eta aisiari buruzko topaketak egin dituzte iragan ostiralean eta larunbatean. Trukatutako esperientzietatik ikasteko aukera izan dutela nabarmendu du eskolako koordinatzaile Amagoia Osinaldek (Ordizia, Gipuzkoa, 1980), eta ziur da ikasitakoak eskolaren jarduna aberastuko duela.

Jardunaldietatik ondoriorik ateratzeko astirik izan al duzue?

Egia esan, ez. Biharamuna izan zen gaurko eguna [atzo], jardunaldietan bildutako guztia txukuntzekoa. Oraindik ez dugu astirik izan eseri eta bi egunetan hitz egindakoaz hausnartzeko. Aste honetan egingo dugu hori. 25 urte bete ditu eskolak aurten, eta jardunaldiak urteurren horren harira antolatu ditugu. Paraleloki, eskolan bertan bakearen inguruko hausnarketa bat egiteko proposamena egin zen, eta erabaki genuen biak uztartzea. Horren emaitza izango da hausnartzen jarraitzea eta ikasitakoa eta jasotako ekarpenak aplikatzea.

Zer-nolako garrantzia dute aisiak eta eskolaz kanpoko jarduerek bakegintza eta halako helburuetan?

Badirudi ez dutela garrantzirik. Jardunaldiak antolatzeko garaian, hainbat erakunderekin egon gara harremanetan, eta gogoeta bat egiteko eskatu digutenean, haien interesa handiagoa izan da hezkuntza formalean. Hezkuntza ez formalak, berriz, aukeratzeko tartea ematen dizu; esaterako, aisia talde batean norberak erabakitzen du parte hartu edo ez, eskolan ez bezala. Horrek lasaitasun eremu bat sortzen du, lasaitasun momentuak eskaintzen ditu, eta jendea lasai dagoen esparruetatik ere gauzak jorra daitezke. Dena den, guk ez dugu ezer asmatu; Urtxintxa eskola eta beste hainbat erakunde balioetan hezten ari gara aisian. Gatazken konponketaren inguruan beti landu izan dira hainbat jarrera, baina ez Euskal Herriko gatazkaren inguruan, eta orain horrekin lotu nahi dugu.

Aisia ez bada kontuan hartzen, kontrajarriak izan daitezke hezkuntza arautuan eta beste alor batzuetan transmititu nahi diren balioak?

Eginkizun horiek soilik eskolaren esku uzten badira, laborategiko esperimentu baten moduan gera daitezke; alegia, eskola barnean gauza batzuk gertatzen dira, baina eskolatik kanpo, berriz, beste batzuk. Eta hori ez da horrela. Antzeko zerbait gertatzen da euskararekin. Garai batean, eskolan euskaraz egiten zen, eta, ondoren, korridoreetan, gaztelaniaz. Horrelako zerbait ikusten dut nik. Elkarbizitza gela barruan sortzen da, baina eskolan bertan atseden une asko daude, eta eskolan gertatzen dena ez da soilik adibidez matematika eskola batean gertatzen dena. Horregatik izan behar du heziketak balioetan oinarritutako zerbait; norberaren eraikuntzaren parte bat. Aisiak hor zeresan izugarria du, gure bizitzaren bi heren inguru aisian igarotzen baititugu. Halere, eskolan ere landu behar dira gai horiek; zeharkako gaiak izan behar dute, eta beharrezkoa da ikuspegi integral bat.

Aro politikoa kontuan izan duzue jardunaldietan. Hizkuntza, generoaeta horrelako beste gatazka batzuk ere nola landu aztertu al duzue?

Gatazken kudeaketa ez da gai berria. Urteak dira eskolak hiru lan ardatz dituela. Horietako bat da hizkuntzak sortzen dituen gatazkak; aldi berean, tresna eta helburu da euskara. Berdintasuna, tratu txarren aurkako jarrerak, parte hartzea eta kulturartekotasuna ere landu izan ditugu urteetan. Gai horiek guztiek gatazkak sortzen dituzte edo gatazkei irtenbide bat emateko sortzen dira. Pentsatu genuen ez genuela ezer asmatu beharrik izango, baina bai, adibidez, emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunei beste betaurreko batzuk jarri behar genizkiela; alegia, Euskal Herrian gertatzen denari begiratu behar geniola.

Topaketetan hitz egindakoaz gain, ondoriorik atera al duzue bakegintza umeekin lantzeko moduaren inguruan?

Horretan ari gara. Hau guztia abiatu genuen ikusi genuelako gai horri buruzko hainbat ikuspegi osatu gabe zeudela, eta Urtxintxatik gure ekarpena egin nahi dugulako. Nola jokatu? Horretan ari gara; hor daude lantzeko, besteak beste, aitortzaren eta oroimenaren gaiak, elkarbizitzarena... Lanean ari gara.

Munduko esperientzia ugari ere hizpide izan dituzue topaketetan. Zein ekarpen egin dituzte hizlariek?

Kurdistango errealitateaz aritu zitzaigun Urtzi Urrutikoetxea kazetaria; Palestinako haurrak Euskal Herrira uda igarotzera etortzeko egitasmoaz jardun zuten Biladi elkarteko ordezkariek; Bosniako egungo errealitate gordina ere deskribatu ziguten, azaltzeko han udalekuek zer-nolako eragin positiboa duten haurrak errealitate hori nolabait ahazteko; Haitiko eta Irlandako bizipenak ere kontatu zizkiguten. Guretzat garrantzitsua zen askotariko ikuspegiak jasotzea, eta oso aberasgarria izan da.

Bestalde, esker ona adierazi nahi diet eskolaren ibilbidean eta prozesuan parte hartu duten pertsona guztiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.