Politika

Balzak baztertu egin du Batasunaren batzarra galarazteko PPk egindako eskaera

Javier Balza EAEko Herrizaingo sailburuak, baztertu egin du PPk Batasunak hilaren 21ean BEC Bilbao Exhibition Centre-en egiteko asmoa duen batzar nagusia galarazteko egindako eskakizuna. Herrizaingo Sailaren arabera, justiziari dagokio erabakia hartzea.

2006ko urtarrilaren 13a
11:37
Entzun
Herrizaingo sailak zabaldu duen agiriaren arabera, justiziari "bakarrik" dagokio BEC-eko batzarrak Batasunaren ilegalizazioa urratzen duen ala ez erabakitzea. "Ez da botere betearazlea eta are gutxiago alderdi politiko bat, aurretik hartutako erabaki judizial bat hausten den ala ez erabaki behar duena", azpimarratu du. Balzaren hitzetan, "beste behin, PP botere banaketaren oinarrizko printzipioa apurtzen ari da".



Herrizaingo sailburuak azpimarratu du Batasunak BEC-en egin nahi duen batzarra toki itxi batean egingo dela eta ez dela kaleko ekitaldi bat izango, beraz, legek ez diola Herrizaingo Sailari baimenik ematen ekitaldi horri buruzko "inolako kontrolik egiteko ez eta baimenik emateko ere". Balzak, beraz, ez du aintzakotzat hartu PPk egindako eskaria batzarra galarazteko.

Gobernuak Alderdien Legea babesten duela ziurtatu du Blancok

Batasunaren batzarraren harira, Alderdien Legea "oso murriztailea" dela eta "biltzeko eskubidea" errespetatu egin behar dela esan zuen atzo Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak.Adierazpen horiek "hausnarketa bat" izan direla argitu du gaur Jose Blanco PSOEko Antolakuntza idazkariak idazkariak."Orain justiziak erabaki behar du deialdi honetan legez kanpoko ekintzarik dagoen ala ez", azaldu du Blancok.

Blancok ziurtatu duenez, gobernuak "ez dauka asmorik Alderdian Legea aldatzeko" eta era berean, hainbat politikarik "guztia nahasteko" duten jarrera salatu du. Blancok azpimarratu duenez, hainbat arduradun politikok Gobernuari egotzi nahi diote epaile ardura "ospakizun bat edo beste debekatzeko erabakia berea balitz bezala".

Era berean, Blancok azaldu du EAEko Herrizaingo Sailak esku hartu dezakeela "bilera batek ordena publikoa nahas dezakeela dioen txostenik baldin badago". Hori dela eta, Herrizaingo Sailak "esku hartzen ez badu Eusko Jaurlaritzari dagozkion eskumenetan inolako nahasmenik espero ez duelako izango da".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.