politika

Banku eta etxe agentzien aurkako erasoak egin dituzte Iparraldean 'Euskal Herria ez da salgai!' lelopean

Ziburun, Senperen, Azkainen, Maulen, Donapaulen eta Donibane Garazin egin dituzte ekintzak. "Sistema kapitalista bera da krisia eta guk horren ondorioz bizi dugun egoeraren erantzuleen kontra ekin behar dugu zuzenean", esan dute egileek.

2010eko maiatzaren 4a
14:19
Entzun
Ipar Euskal Herrian hainbat kale eraso egin dituzte berriro Euskal Herria ez da salgai! lelopean. Ziburun Credit Maritime bankua koloreztatu dute, Senperen BNP bankua margotu, Azkainen diru makina bat pintatu dute eta bi etxe agentzietako beirak hautsi, Maulen Soule Immobilier etxe agentzia margotu, Donapaulen Manpower interim agentzia, Credit Agricole-Square Habitat, Bnp eta Caisse d'Epargne bankuak eta Fnaim etxe agentzia margotu eta zikindu dituzte, eta Donibane Garazin Guy Hoquet etxe agentzia pintatu eta zikindu.

Krisi ekonomikoaren erantzuletzat dituzte banku eta etxe agentzia horiek erasoen egileek, BERRIAri igorritako oharrak dioenez. "Krisi garaiak bizi ditugula diote. Baina hau ez da momentuko krisia: sistema kapitalista bera da krisia eta guk horren ondorioz bizi dugun egoeraren erantzuleen kontra ekin behar dugu zuzenean. Gure herria eta gure eskubideak zapaltzen dituen burgesiaren kontra".

Apirilaren 30ean egin zituzten erasoak, Maiatzaren Lehenaren bezperan. "Langileoi dagokigu iniziatiba hartzea, langileei dagokigu karrikara ateraz gure aldarrikapenei bide ematea. Maiatzaren 1ean bezala egunerokotasunean, borrokak eramanen gaitu gure helburuetara. Horregatik, mezu argi bat helarazi nahi dugu: gure eskubide sozialak ez ditugu gutxi batzuen probetxu ekonomikoaren mesedetan galduko. Gure eskubide sozialak ez daude salgai!".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.