Jon Barcenaren gorpuari egindako autopsiaren emaitzek baztertu egin dute gorpuak kriminalitate zantzuak dituenik. Gasteizko Auzitegiko Patologia Zerbitzuak atzo goizean egin zion autopsia Barcenaren hilotzari, eta, haren arabera, badirudi gazteak berezko heriotza izan duela. Igande goizean aurkitu zuten berriztarraren gorpua, Legutioko (Araba) Txopera inguruko baso batean, Urrunaga urtegitik gertu.
Hain justu, leku horretatik hurbil dagoen etxola batean aurkitu zituzten Barcenaren arropak eta motxila, urtarrilaren hasieran. Bilaketa lanetan parte hartzen ari zen Gurutze Gorriko boluntario batek aurkitu zuen gorpua, eta familiako kide batek identifikatu zuen, lekuan bertan.
Barcena iragan abenduaren 30etik zegoen desagertuta; egun hartan, lagunekin Gorbeia mendira joan zen, baina haiengandikbanandu zen gero, ondoezik zegoelako. Haiek jaistean Barcena falta zenez, abisua eman zuten.
Azken agurra, ostiralean
Ostiralerako omenaldia antolatu dute Barcenaren gertukoek. Berrizko (Bizkaia) frontoian egingo dute agur ekitaldia, 19:00etan hasita. Gorka Camara familiaren bozeramaileak adierazi duenez, ostiralekoa «ez da Jonek merezi duen agurra izango, baina adio esaten saiatuko gara, behintzat». Halaber, familiak jasotako elkartasun mezuak eskertu nahi izan ditu.
Berrizko Udalak ere bat eginnahi izan du Barcenaren familiaren saminarekin. Sare sozialetan argitaratutako mezu baten bidez egin du, eta elkartasuna adierazi dio.
Barcenaren gorpuak ez du kriminalitate zantzurik
Autopsiaren arabera, badirudi gazteak berezko heriotza izan duela. Igandean aurkitu zuten gorpua, Legutioko Urrunaga urtegitik gertu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu