"Alderdi politikoei eskatu nahi diet alderdien interesak alde batera uzteko", eta ireki den egoera berrian bat egiteko. Hamabost egun barru —astelehenetik aurrera— Barcinak dimisioa emango ez balu zentsura mozioa aurkeztuko lukete, eta hauteskundeetara deitu maiatzaren 25erako, Europako Hauteskundeekin batera. Bien bitartean, Jimenezek berak zuzenduko luke gobernua, baina oraindik ez du gainerako alderdiekin hitz egin horren inguruan. Alderdikideekin hitz egin du lehenik. Bigarren indarra denez, berari legokiola uste du behin-behineko presidentetza.
Bildurekin bat egingo duen galdegin diote, eta esan duena da UPN boteretik botatzea dela orain garrantzitsuena, eta Barcinarekin ez duela inolako jokorik bideratuko. Eurek —PSN— zuzendu behar dute prozesua, Jimenezen ustez, eta "hortik aurrera ikusiko da".
Mezu zuzena izan du Barcinarentzat: "Presidente jauna: hamabost egun barru, salaketak baieztatzen direnean hautaketa gogor bati aurre egin beharko diozu. Borondatez joaten ez bazara, sozialistok botako zaitugu. Zure denbora amaitu da".
Datorren astelehenean ezarriko litzateke agenda, eta hamabost egunean egingo lituzkete lan guztiak. Hortik aurrera, legez, hamar edo hamabost egunera egingo litzateke zentsura mozioa, eta hauteskundeak egin bitartean egoera ekonomikoa argitu beharko litzateke, "ezin bizi egoera batean" baitaude. Izan ere, Idoia Nieves Ogasun zuzendari ohiak egindako salaketak "oso larriak" dira, eta "arduragabekeria" da UPNk egin duena.
Ogasuneko datuak erabiltzea, hainbat zergaduni mesedeak egitea, eta gainerako akusazio guztiak aipatu ditu, eta behin eta berriz esan du "ez badoa guk botako dugu".
Bihar, ikerketa batzordea
Bihar, berez, parlamentuan ikerketa batzordea osatzea lehen puntua izango da osoko bilkuran. PSN, Bildu, Aralar, NaBai, Ezkerra, PP eta GeroaBai ados daude, eta UPNk ere baiezkoa emango dio "egoera argitzeko", Carlos Garcia Adanerok esan duenez. Nievesek egindako salaketen ondorena beste agertoki bat dela uste dute UPNk ez beste guztiek, eta gobernu aldaketarako urratsak egin behar direla uste dute, denek arerioaren kontra bat egin behar dela, eta eskatu dute herritarrak protestatzera atera daitezela.
UPNko zuzendaritzaren bilera
Goizean "beldurrik ez" dutela esan du Carlos Garcia Adanerok, Yolanda Barcina ez dagoela hauteskundeetara garaia baino lehen deitzeko prest, baina egoera asko aldatu da goizetik, eta ezohiko bilera egingo dute UPNko zuzendaritzakoek, 20:30ean. Ondoren emango dute erabakitakoaren berri, ohar baten bidez edo prentsaurrekoan: aztertzen ari dira nola eman berria.