udal eta foru HAUTESKUNDEAK

Barcina: "KAS alternatiba etorriko da"

Nafarroako jarduneko presidenteak azpimarratu du Iruñea izan daitekeela EH Bilduk "Espainian" gobernatuko duen hiriburu bakarra. 

Yolanda Barcina, hauteskundeak deitu zituen egunean. JESUS DIGES, EFE
jon ordonez garmendia
2015eko maiatzaren 27a
17:45
Entzun

Yolanda Barcinak ere ez du uste Javier Esparza UPNko hautagaiak Nafarroako presidente izateko aukerarik duenik. "Zaila da", esan du TVE Espainiako telebistan egin dioten elkarrizketan, eta onartu du aukera asko daudela Uxue Barkos presidente izateko, Geroa Bairen, EH Bilduren, Ahal Dugu-ren eta Ezkerraren botoekin, eta esan du horiekin "KAS alternatiba etorriko" dela, "beti defendatu dutena": "presoak kaleratzea, independentzia eta Nafarroa erakunde bezala desagertzea".

Iruñeko alkatetza Joseba Asiron EH Bilduko hautagaiak ere har dezakeela onartu du, eta dei egin die Pablo Iglesias Podemoseko buruari eta EAJri (esan duenez, Geroa Bai Nafarroako EAJ da) EH Bilduri Iruñeko alkatetzarako ateak ixtera. Gogoeta egiteko eskatu die. "Ez dute terrorismoa gaitzetsi, eta ez dute irabazi". Azpimarratu du Iruñea izan daitekeela "Espainian" EH Bilduk gobernatuko duen hiriburu bakarra, eta gaineratu du EAJk Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gehien bozkaturiko hautagaiak agintzea defendatzen duela. Barcinaren hitzetan, EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta Ezkerraren arteko akordio bat ez da normala, eta nabarmendu du Gasteizen eta Donostian boto gehien jasotako zerrendak aginduko duela.

Elkarrizketa horretan garbi utzi du Barcinak igandeko emaitzak ez zaizkiola gustatu: "Herritarrak beti du arrazoia, nahiz eta gizarteak aldatu egiten diren, Venezuelan, Argentinan edo Hitlerren aurreko Alemanian bezala", esan du. Barcinari iruditzen zaio, orain, hauteskundeen bigarren itzulia egin beharko litzatekeela, "Frantzian udal bozetan egiten duten bezala: "Herritarrei galdetuko balitzaie ea nor nahi duten alkate izatea, Bildu-Batasunaren [sic] hautagaia edo Enrique Maia, Maia litzateke alkate gehiengo hiperabsolutu batekin". Geroa Bai-k "beldurraren mezua" zabaltzen aritzea leporatu dio presidente ohiari. EH Bilduk, berriz, ohar batean adierazi du Barcinaren adierazpenek erakusten dutela "herritarren borondatearekiko duen errespetu falta".

Aldaketaren akordioaren bila, Uxue Barkos 11:00etan bildu da Ezkerrarekin. Astelehenean bertan iragarri zuen Barkosek bilera erronda egingo zuela aldaketaren gobernu bat osatzeko. Esparzak igandean esan zuen hori bera, baina berehala geratu da atzean UPNren hautagaia.

Uxue Barkosek Geroa Bairen, EH Bilduren, Ahal Dugu-ren eta Ezkerraren parlamentari guztien babesa behar du presidente izendatuko dutela ziurtatzeko. 26 parlamentari dituzte denera, eta modu horretan ziurtatuko lukete izendapena, gehiengo osoa baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.