Eusko Legebiltzarrean herenegun ez ziren ados jarri bakeari buruzko lantaldea osatzeko, eta Nafarroan ez da eztabaida proposatu ere egiten. Duela gutxi «nafar guztien ahotsa» dela aldarrikatu ondoren, Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak ez du alderdien mahaiez edo bestelako foroez entzun ere egin nahi. «Nafarroan, alderdien mahaia osatu beharrik ez dago». Halaxe erantzun zien kazetariei Eusko Legebiltzarrean izandako eztabaidari buruz galdetu zitzaionean. Roberto Jimenez Nafarroako Gobernuko lehen presidenteordeak, berriz, txalotu egin du elkarbizitzarako lantalde bat sortzeari buruz Patxi Lopezek egindako proposamena, baina hori Nafarroan ere egin beharko litzatekeen galdetuta, «zehatzago» aztertu beharko dela erantzun du.«Dena den, Nafarroak ezin dio bizkarra erakutsi egungo egoerari».
Nafarroako Gobernuak ez du pauso bakar bat ere eman, baina diskurtsoetan nabari da bi bazkideen artean ñabardura desberdinak daudela: UPNk bere betiko diskurtsoari eusten dio, eta apenas mugitu den bere jarrera irmotik. PSNk, berriz, bere diskurtsoan oso gutxinaka keinu batzuk egin ditu. Hori agerian geratu zen atzo, beste behin. Hala ere, keinuetara mugatzen den bitartean, eroso dago UPN. Ez du bere burua behartuta ikusten, eta desadostasunek ez dute, itxuraz, liskarrik eragiten gobernu barruan.
Yolanda Barcinaren irudiko, ETAk urrian egin zuen adierazpenarekin «pauso garrantzitsuak» ematen ari dira, baina «oraindik ere» beste urrats batzukfalta dira: «ETAren desegitea, biktimen mina aitortzea eta barkamena eskatzea, txanoak kentzea eta desagertzea». Haren ustez, «bide onetik» doa dena «Zuzenbide Estatuari eta alderdi demokratikoen arteko batasunari esker».
Alabaina, Barcinaren ustez, ez dagokio ezer egitea Nafarroako Gobernuari, Espainiako Gobernuari baizik: «Politika antiterroristan eskumenak Espainiako Gobernuarenak dira, eta, Nafarroan, errespetu osoa diegu eskumenei», azpimarratu du. Haren ustez, «ETAren amaiera honetan Nafarroari entzun egingo zaiola ematen du». Barcinaren hitzetan, ekimen oro Parlamentuaren bidez egin beharko da, eta ez dago tokirik bestelako foroentzat, herritarren ordezkaritza ez delako bozetan jasotakoaren araberakoa.
Roberto Jimenezek, berriz, bere alderdikide Patxi Lopezen ekinaldia babestu nahi izan du. Haren ustez, Lopezek «bakerako proposamen irekiak» aurkeztu zizkien legebiltzarkideei herenegun, eta Jimenezen aburuz, jarrera horrek «denbora asko irauten duen arazo bat konpontzeko gogoari» erantzuten dio. Bere irudiko, Lopez «egungo egoera berrira» egokitzen ari da. «Denok dakigu prozesu lasaia izan behar duela, presarik gabea eta zuhurtziarekin, eta lehendakaria oso ondo egiten ari da».
Nafarroako Gobernuak, ordea, ez du ezertxo ere egin. Roberto Jimenezen irudiko, Nafarroan ere aztertu behar da gaia. «Garai berri batean gaude, eta hori ulertzen jakin behar dugu».
Barcina: «Nafarroan alderdien mahaia osatu beharrik ez dago»
Jimenezen aburuz, «ausarta» da Lopezek elkarbizitzarako lantaldea sortzeko egin duen proposamena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu