Beldurra baino ez zaio geratzen Yolanda Barcinari. Gutxiengoan dago; alderdi barruan ahots ugarik kritikatzen dute; ez da gauza PSNrekin akordioa egiteko; krisi ekonomikoari aurre egiteko proiekturik ez du; CAN auziak politikoki higatu du, eta gobernu barruan dimisio esanguratsuak hasi dira. Egoera hauskorra izanik, atzo, Madrilen egindako hitzaldian, beldurraren diskurtsoa hezurmamitu zuen, eta UPNren beharra saldu zien espainiarrei. «Nafarroako Foru Erkidegoa eta haren berezitasuna arroka bat dira EAEk bultzatu nahi duen eraikuntza nazionalari begira». Haren hitzetan, krisiak eta «herritarren ezkortasunak» arriskuan jar dezake arrokaren sendotasuna: «Nazionalismo erradikalak Nafarroa ekonomikoki ahula bilatzen du, hainbeste desiratutako euskal estatuarekin bat egin aurretik». Hartara, ezbai erraza proposatu du: UPN... edo kaosa.
Bere agenda politikoa ezarri nahi du Yolanda Barcinak. Bere gobernuaren ezintasuna ezkutatzeko asmoz, UPNk proposatutako gaiez hitz egitera behartu nahi ditu gainerako alderdiak. Ahalegin horretan, D ereduko irakasleen aurkako kanpainaren bigarren astinaldia etorri zen atzo. Goizean Diario de Navarra-k argitaratu zuen «ETAk bere oinarriei hezkuntza astintzeko» agindu diela. Barne Ministerioaren iturriak eta ETAren ustezko agiri bat aipatzen zituen.
Jokaldi horri jarraipena eman zion Barcinak Madrilen, Nueva Economia Forumek gonbidatutako hitzaldian. Ez zen halabeharraren emaitza. Aldez aurretik idatzitako diskurtsoaren bi herenak ezker abertzaleari eta nazionalismoari buruzkoak dira. Tonua, berriz, Madrilera bere ohartarazpena egitera datorren agintariarena. Bere ezagutza jarri du ziurtagiri gisa: «Ondotxo dakit zeri buruz hitz egiten dudan».
Barcinaren ikuspuntutik,«ETAk eta bere multzo politikoak iraganera itzuli nahi du, XX. mendeko garairik okerrenetara. Beti uste izan dut gai honi buruz hitz egitean ez dela beharrezkoa gaia puztea edo adjektibo handinahiak erabiltzea. Nahikoa da gauzak diren bezala kontatzea». Hala, Nafarroako presidente moduan, bere betebehartzat jo du ezker abertzalearen asmoen aurka egitea: «Gobernatzen duen tokietan, abertzale ez direnak politikoki eta sozialki baliogabetu ditu. Pentsamendu politikoaren arabera, baztertuak dira herritarrak». Ez zen bere gobernuaren politikaz mintzo, Bilduren udalez baizik. Haren esanetan, sei udaletan Bilduri aurre egin dieten alderdiek kanpoko jendea jarri behar izan dute zerrendatan. «Ez dira irudipenak, datu krudel, erreal eta irmoak baizik.
Iradokizun hutsetik erreferentzia zuzenera jo du. «Garaiz gaude ETA politikoki eta sozialki garaitzeko. Erronka zaila dirudi, baina, duela 75 urte baino gutxiago, alemaniarrek begi onez ikusten zituzten nazien basakeriak. Gaur egun, nazismoa sozialki baztertua da, eta legeek jazarria».
Dei egin du «demokrazia mehatxatzen duten mugimendu totalitarioei aurre egitera». Horretarako, bere errezetak zein diren argitu du: «Ez gaitezen higa barne borroka antzuetan. Berreskura ditzagun askatasun eremuak. Hez ditzagun hurrengo belaunaldiak pentsamendu libre eta kritikoan, kultur aniztasunean». Zigor kodearen erreforma ere aldarrikatu du «Estrasburgokoa bezalako epai umiliagarriak galaraz ditzan, Durangokoa bezalako ekitaldi lotsagarriak eragotz ditzan, eta terrorismoaren goratze oro zigor dezan».
Barcinak aipatutako borroka horretan, Nafarroa gudaleku erabakigarria izango da. Horregatik, UPDren moduko alderdiek zentralizazioa eta Nafarroaren berezitasunak salatzen dituzten bitartean, Barcinak ezinbestekotzat jo du egungo foru erregimenari eustea. «Nafarroak inoiz ez du erabili bere berezitasuna Espainiako errealitateari uko egiteko», esan du, eta gaineratu: «Nafarroaren foru sistema Espainiaren erabateko onarpenean oinarritzen da».
Euskal kultura, «inposatua»
Euskal abertzaletasunaren estrategia eta krisia «nahasketa arriskutsutzat» jo ditu. Barcinak ohartarazi du abertzaletasunak kolokan jar dezakeela Nafarroaren aniztasuna: «Kosta ahala kosta inposatu nahi dituzte euskara eta euskal kultura, eta Nafarroako gainerako eskualdeetako kultura mespretxatzen dute». Izuari zukua atera nahirik, gaineratu du Bilduk militanteei dei egin diela administrazio publikoan filtratzera. «Meritu lehiaketak baliatzera animatu dituzte, 84 buruzagitzaren bitartez departamentuak politikoki kontrolatzeko».
Madrilen egindako diskurtsoa alderdi sozialistari keinu egiteko baliatu du. Haren ustez, iraganean PSNrekin egindako itunek emaitza onak ekarri dituzte, eta bide hori berreskuratu behar da. «Epe laburrera estatu ikuspuntua nagusitzea bilatu behar dugu». Bitartean, «bakarregi» dagoela ere kexatu da.
Barcina: «Nazionalismo erradikalak Nafarroa ekonomikoki ahuldu nahi du»
Madrilen adierazi du Bilduk administrazioan filtratzera dei egin diela militanteei Nafarroako Gobernua oztopatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu