Iragan asteko ostegunean Okzitaniako Tolosan bizitakoa epailearen aurrean kontatu du Yolanda Barcinak, Nafarroako Gobernuko presidenteak. AHTaren aurkako ekintzaile batzuek hiru tarta bota zizkioten. Hala esan dio epaileari: «Min egin zidaten tartek, gogorra izaten baita Frantziako merengea». Barcinak dio pastelek estali egin ziotela aurpegia, ez zela gai «ezer» ikusteko, eta atera egin behar izan zutela aretotik.
Espainiako Auzitegi Nazionalean egin zituen adierazpen horiek Barcinak, Pablo Ruz epailearen aurrean, asteazkenean. Hara joana zen, UPNko zinegotzi Jose Javier Mujikaren hilketari buruzko epaiketara. Ruzek aukera hori baliatu zuen Nafarroako Gobernuko presidentearen testigantza hartzeko. Gainera, jakinarazi zion aukera badaukala auzian alde gisa bere burua aurkezteko.
Bihar, bilera
Barcinaren deklarazioa eskuan, Auzitegi Nazionalak hasi ditu ustez tartak jaurti zizkioten hiru ekintzaileen aurkako eginbideak. Epaileak bi delitu leporatuta inputatu ditu ekintzaileak: agintearen aurkako delitua eta espainiar batek beste espainiar baten aurka atzerrian egindako delitua.
Azken salaketa horri heldu dio Auzitegi Nazionalak kasua bere gain hartzeko, haren eskumena delakoan Espainiako nazionalitatea dutenek beste baten aurka atzerrian egindako delituak ikertzea. Horri gehitu diote agintari bati eraso egin izanaren delitua.
Nafarroako Foruzaingoak erasoa izan eta hurrengo egunean atxilotu zituen hiru pertsona horiek, Iruñean. Mugitu! taldeak—hango kide dira inputatutakoak— legez kanpokotzat jo zuen atxiloketa, euroagindua behar delakoan. Ezetz dio epaileak.
Datorren asteazkenean deklaratu beharko dute inputatuek, hilaren 16an. Madrilen ez, Iruñean agertu beharko dute. Mugitu! taldeak bilera batera deitu du biharko; inputatuei babesa agertuko diete, eta protestak antolatu.
Barcinak, epaileari: «Tartek min egin zidaten, gogorra baitzen merengea»
Auzitegi Nazionalak bi delitu egotzi dizkie hiru ekintzaile inputatuei: agintearen aurkakoa eta atzerrian egindakoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu