Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak setati eusten dio bere ikuspuntuari. Atzo, Patxi Zabaleta NaBaiko eledunaren bitartez, bakegintzaren alde elkarrizketa politikoa garatzeko eskaera zehatza egin zitzaion Nafarroako Parlamentuko Foru Erregimeneko Batzordean. Barcinak errepikatu zuen parlamentua dela nafarrei dagokien auziez hitz egiteko «foro egokia»: «Ez dut gustuko herritarren ordezkaritza gaindituko duten alderdien mahairik, sofa eszenarik edo beste inongo ekimenik». Haren ustez, «fitxa mugitu behar duena» ETA da: «Utz ditzatela armak, ken ditzatela txanoak, eta eska dezatela barkamena».
Patxi Zabaletaren arabera, Barcina ez dago prest egungo garaiek eskatzen duten erantzun ausartik emateko, eta «ez da gai elkarrizketaren aldeko ekinaldi bakar bat sustatzeko». Haren ustez, elkarrizketari erdeinua baino ez dio adierazi. «Ez dira sofa eszenak. Zu bai, zu baliatu zara argazkiez eta sinbolismoez zure jarrera politikoari eusteko». Huts larria egiten ari dela leporatu dio.
Bilduko Maiorga Ramirezek eskatu dio Barcinari ekimena har dezala behingoz. Goiz edo berandu, Nafarroako Gobernuak analisi hori egin beharko duela deritzo, eta akordio politikoak bilatu beharko dituela. PSNko Juan Jose Lizarbek, berriz, ez du ulertzen «zergatik orain» antolatu behar den mahai hori.
Ezker abertzalearen gutuna
Efe albiste agentziaren arabera, Pernando Barrena ezker abertzaleko kideak gutun bat igorri dio Yolanda Barcina UPNko presidenteari, indar politikoen arteko elkarrizketa errazteko asmoz. Eferen arabera, gutun horretan Barrenak adierazi du «ezinbestekoa» dela bi alderdien arteko «harremaneremuan aurrera egitea». Barrenaren irudiko, «bi aldeen konfiantzari eragin diezaioketen edozein interes edo planteamendu kanpoan utzi behar dira», eta bilerak «diskrezio osoz» egin. Barrenak gutunean azaldu du espero duela UPNk baiezkoa ematea eskaera horri.
Barcinak ez du nahi alderdien mahaia «edo beste sofa eszenarik» izatea
Pernando Barrenak UPNko buruari gutuna igorri dio, «diskrezio osoz» bi aldeko bilerak egin ditzaten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu