Ezker abertzaleak «historikoki» gobernatu izan dituen herriak «totalitarismo politikoaren» adibide garbia direla esan du Yolanda Barcina Nafarroako gobernuburuak Legebiltzarrean. Hura hizketan ari zela, bere eserlekutik altxatu zen Maiorga Ramirez Bilduko legebiltzarkidea. Esaten ari zena «onartezina» eta «eskandalua» dela ohartarazi zion, eta «babesa» eskatu zien legebiltzarkideei. Isiltzeko eta «gustatu edo ez» presidentea esaten ari zena entzuteko agindu zion Alberto Catalan legebiltzarreko presidenteak.
«Pentsaera bakarraren monumentu» dira herri horiek, Barcinaren ustez; «diktadura sistema politikoari jarritako monumentuak». Arbizu, Etxarri Aranatz eta Leitza jarri zituen horren adibidetzat. Orain ezker abertzaleak «Bilduren bidez» gauza bera egiten duela gaineratu zuen.
Ramirezek berak egindako galdera bati erantzunez esan zuen hori Barcinak. Izan ere, Nafarroako gobernuburuak Madrilen esan zuen Bilduk «beldurra» erabiltzen duela politika egiteko. Beldurra «modu erabat arduragabean» erabiltzea egotzi zion Ramirezek, eta «hemen esan ezin dena» Madrilen esatea aurpegiratu. «Gezurretan» aritzea egotzi zion. «Espainia zoldatsuenari» entzun nahi duena esatea leporatu eta hori«Nafarroako herritarren kalterako» dela ohartarazi zion.
Gainera, Ramirezek Barcinari jakinarazi zion Nafarroako gizarteak «benetako beldurra» bere gobernuak «eskubide sozialei emango dien hurrengo makilakadari» diola. Egoera manipulatu eta herritarrengandik gero eta urrutiago egotea aurpegiratu zion.
Espetxea irekitzeko eskaera
Espetxe politikako eskuduntza ez duela eskatuko jakinarazi du, bestalde, Roberto Jimenez Nafarroako Barne kontseilariak. Haren ustez, ez da horretarako «une egokia». Patxi Zabaletak egin zion galdera Jimenezi, eta hark «ahalik eta autogobernu handiena» eskatzea aurpegiratu zion, «nahiz eta horrek komunitatearen bideragarritasuna zalantzan jarri». Egoera berak ere ezagutzen duela ekarri zion gogora, eta, hala, eskaera hori egitea «tokiz kanpo» dagoela gaineratu zion. Honela erantzun zion Zabaletak: «Eskuduntzak eskatzea ez doa garapenaren kontra; alderantziz, alde egon daiteke, ondo kudeatuz gero». Gainera, ohartarazi zion eskuduntza eskatzen ez badu «bere eginbeharra den gizarteratzea» egin gabe jarraituko duela.
Hala ere, espetxe berria «berehala» irekitzeko eskatu zion Jimenezek Espainiako Gobernuari. Zabaletak esan zuen espetxe horrekin gertatzen ari denak pentsarazten diola euskal presoak ez gerturatzeko jarraitutako estrategia bat dela, baina hura ez irekitzeak gainerako presoei ere eragiten diela ohartarazi zuen.
Espetxea ireki aurretik «aukera historikoa» aprobetxatu eta ate irekien egun bat antolatzeko ere eskatu zuen Zabaletak.
Barcinak «totalitarismoa» egotzi dio Bilduri Legebiltzarrean
Roberto Jimenezek esan du ez duela eskatuko espetxe politiketako eskumena, «ez delako une egokia»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu