Iruñeko Udalak ezetz, eta Nafarroako Gobernuak baietz. Azken erakunde horrek hasi du prozesua udalez gaindiko eragina duen plan bilakatzeko Donapea Zentro Integratu Politeknikoa hartzen duen orubea Nafarroako Unibertsitatearen esku uzteko proiektua. Zentroa lekuz aldatuko lukete. Urrats horren bidez, Iruñeko Udalak egitasmoari eman ezezkoa bazter utzi ahal izanen du gobernuak.
Nafarroako Gobernuaren asmoa da Donapearentzat egoitza berri bat eraikitzea, eta egun Etxabakoitz auzoan hartzen duen orubean, batetik, lanbide heziketarako campusa martxan jartzea, eta bertzetik, Nafarroako Unibertsitateari saltzea lursailaren zati bat. Medikuntzako ikerketa jorratzeko hiru eraikin egiteko asmoa du Nafarroako Unibertsitateak.
Uztailaren 4an aztertu zuen gaia Iruñeko Udalak, osoko bilkuran. UPNk proiektuaren alde egin zuen, baina egitasmoak oposizioaren ezezkoa jaso zuen. Udalak kontrako iritzia eman eta gero, proiektua udalez gaindiko eragina duen plantzat jotzea da Barcinaren gobernuaren aukera.
Erabaki hori hartu izana gogor kritikatu dute proiektuari ezezkoa eman dioten taldeek. «Lege iruzurtzat» jo du NaBaik, eta haien borondatea inposatu nahi izatea egotzi dio Bilduk UPNri. PSNk gogoratu du proiektuaren aurka direla udala eta Donapeako bertako kideak. Ezkerrak ere salatu du gobernuaren jarrera.
Barcinak udalez gaindiko plan bilakatuko du Donapeako proiektua
Iruñeko Udalak ezezkoa eman dio ikastetxearen orubea Nafarroako Unibertsitateari saltzeko asmoari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu