Yolanda Barcinaren aurka dago, baina Barcina gobernuan jarraitzea ahalbidetu du. «Ezezko bikoitza» deitzen dio PSNk bere jarrera horri, eta, Roberto Jimenez eledunaren arabera, zentralitate politikoa ematen dio PSNri, baina gero eta bazterrerago geratzeko arriskua du. Izan ere, Barcinaren aurkako zentsura mozioaren hautagaiak, Juan Carlos Longasek, oso argi utzi du asmoa ez dela legealdia amaitu arte gobernu alternatibo bat osatzea. Ez, helburu nagusia zen hauteskundeak ahalik eta azkarren aurreratzea eta herritarrei hitza ematea, azken bi urteetan egoera errotik aldatu delako. Haatik, PSNk Barcinaren dimisioa aldarrikatu badu ere, esfortzu handia egin du Bildu eta Aralar-NaBairekin dituen «marra gorri zeharkaezinak» azpimarratzeko. Kasu honetan, ordea, abstentzioa ez da ezezkoaren eta baiezkoaren arteko posizio bat: PSNk bere boto eskizofrenikoaren bitartez, Barcinak boterean jarraitzearen alde bozkatu du.
Izan ere, PSNren botoa erabakigarria izan da. Bildu, Aralar-NaBai, Ezkerra eta Geroa Bairen 18 botoak ez ziren nahikoak, eta UPNren eta PPren 23 botoek atzera bota dute mozioa, PSNko bederatzi parlamentarien abstentzio aktiboa lagun. Krisiaren aurka PPren politikei men egin, eta bestelako ekinbiderik hartzen ez zuen Nafarroako Gobernuak zutik dirau. Nafarroako Kutxaren galeraren inguruan erantzukizun bakar bat hartu ez duen eta dieten auzian politikoki erabat zipriztindua dagoen Yolanda Barcinak ere zutik dirau... PSNri esker, Jimenezek dioena dioela.
Ikusmin handia sortu zuen atzoko osoko bilkura bereziak. 09:30ean ekin zion eztabaidak, eta mozioa sinatu duten parlamentarien izenean, Bilduko Bakartxo Ruizek hartu zuen hitza. Haren hitzaldian, Nafarroako Kutxa hartu zuen hizpide, eta UPNren kudeaketaren «adibide pragmatikotzat» jo zuen gertatutakoa. «Eta zer ardura hartu duzue zuek? Dirua kobratu zenuten teorian aurrezki kutxa dinamizatzeko, iraunarazteko, eta emaitza ezin txarragoa izan da. CAN galbidean da». Krisiaren erdian, herritarrei sakrifizioak eskatzen zitzaien bitartean, norbere intereserako dietak kobratzea leporatu die UPNko agintari gorenei. «Barcina anderea, penagarria da ustelkeriagatik UPNko hiru goi kargudun inputatuta egotea eta alderdiak babestea. Eta onartezina da zuk, botereari, aulkiari, heltzea, inputatu ez zaitzaten».
Juan Carlos Longas hautagaiak ordubetez hitz egin du, eta mozioaren zergatiak azaltzeari ekin dio. «Lehenik eta behin, Nafarroak larrialdi ekonomikoa, soziala eta politikoa bizi du, eta gizartea nazkatuta dago». Legealdi hasieratik egoera goitik behera aldatu dela eta agintariei garrantzirik eman nahi ez arren, salbuespenezko egoera bat dela nabarmendu du. Mozioa Parlamentuaren esku den «erreminta bakarra» dela arrazoitu zuen, eta «Gobernuaren erantzukizunari» exijitzen diola aldarrikatu. «Muturreko egoeratan, gobernu jarduerak interes orokorra kaltetzen duenean, betebehar bat da».
Egoera sozialaren dramatismoa azpimarratu zuen Longasek. «Pobrezia eta bazterketaren datuak eskandalagarriak ez ezik, Nafarroan inoiz ikusi gabeak dira». Nafarrek aukeren bila beste lurraldeetara joan behar izaten zituzten garaiak ekarri ditu gogora. Hamasei urtetik beherakoen kasuan, herena pobrezia arriskuandagoela ohartarazi du eta «atzerapauso soziala» ekonomiarena beraren baino handiagoa dela kritikatu. «Zer esan nahi du honek guztiak? Krisia gizarte talde ahulenek ordaintzen dutela. Ez da demagogia, datu burugogorrak dira». Bere ustez, ezin da gehiago itxaron. «Ezin diogu gizarteari hutsik egin. Oraintxe da garaia aldaketarako adostasunak lotzeko».
Autonomiari muzin
Austeritatearen politikekin egoera konpontzetik urrun, areagotu egingo dela deritzo, eta horren guztiaren aurrean, UPNk ez duela autogobernua baliatzen kritikatu zuen. «Behin eta berriz men egiten die Madrildik etorritako aginduei birzentralizazio olde honetan. Zergatik ezin dugu gure zentru publikoetan irakasle gehiago eduki? Ezin dugu zirujau gehiago kontratatu Estatuak hala erabaki duelako?». Gogora ekarri zuen ere UPNk orain efizientzia ekonomikoa aldarrikatu arren, dirua barra-barra zegoen urteetan, nabarmen zorpetu zela azpiegitura erraldoien bitartez. Horren aurrean, eta duela bi urtetik hona egoera aldatu delako, zentsura mozioa hauteskundeak deitzeko izango dela aldarrikatu zuen.
UPNko Carlos Garcia Adanerok bere arma guztiak erabili ditu zentsura mozioaren aurka. Hizlari ona izaki, lehen bala aurreko egunetan erabilia zuen, eta berehala agortu zaio munizioa: zentsura mozioa EH Bilduren «marketin kanpaina» bat zela. Bigarrenean, bai, ustekabearen bala erabili du. Apirilaren 6ko manifestazioko argazki bat atera atera du, eta joko handia eman dio: «Argazkian Barcina go home eta independentzia dioen ikurrina bat agertzen da. Hor agertzen dira, Ramirez jauna, Barrena jauna... Moreno jauna ere hortik ibiliko da, baita alboko erkidegoko beste politikari batzuk». Adaneroren arabera, EH Bilduk krisia baliatu nahi du 1979 aurreko abiapuntura jotzeko. «Baina ez gaituzu engainatuko, ezta nafarrak ere. Zuen programa independentzia, presoak eta Euskal Herria batua dira. Ez gaitzazue engainatu».
PSNko Roberto Jimenezek, berriz, «ezezko bikoitza» eman du. Jimenezek gogor ekin dio Barcinaren aurka, nahiz eta argi utzi dioen ezadostasun nagusia ez dela pertsonala, politikoa baizik. «Argi gera dakizula. Ez natzaizu Yolanda Barcina bezala zuzentzen, presidente gisa baizik. Ezegonkortasun iturri zara». Bere dimisioa eskatu du behin eta berriz, eta zilegitasunik gabe gobernatzea aurpegiratu dio. «Ez duzu gure konfiantzarik eta berriro ez gaituzu erabiliko», ohartarazi dio. «Nafarroak egonkortasuna behar du, baina zer lortu duzu? Kontrakoa».
Aitzitik, Jimenezek esfortzu bera egin du EH Bilduko taldeekin izan ditzakeen diferentziak azpimarratzen. Iraganean indarkeriarekin izandako jarrera ez ezik Nafarroako eredu instituzionala auzitan jarri nahi izatea egotzi die. «Zuek nahi duzue Nafarroa Euskal Herria izeneko erakunde horren parte izatea».
PPko Enrique Martin de Marcosek izuaren mezua bidegabe erabili du. Martinen arabera, nazionalistak boterera iritsiz gero, «azpiegiturarik ez lirateke egingo», «terroristen aldeko pintadak eta mezuak leudeke», «ez legoke bandera espainiar eta nafarrik».
Ezkerrako Jose Miguel Nuin PSNri zuzendu zaio. Bere ustez, UPNren eta PSNren arteko itunak «iragana» dira eta PSNk ezin du «gobernu-bunkerrari kateatuta» jarraitu.
Geroa Baiko Manu Aierdiri «harrigarria» egiten zaio PSNk Barcinaren dimisioa eskatzea, baina gero urrats bat ere ez ematea gobernua aldatzeko.
Barcina,eskua luzatuta
Alderdi politikoekirtenbideak bilatu behar dituztela eta adostasunak eta irtenbideak bilatzeko eskua luzatua duela esan du Yolanda Barcinak, bozketaren ostean. «Jakina zena gertatu da, zentsura mozioa ez da aurrera atera», esan du. «Une honetan Nafarroan posible den gobernu bakarra UPNri gidatzea dagokiona da».
PSNri keinua eginez esan du «gai pertsonalak alboratu» eta interes orokorraren alde lane egiteko ordua dela. «PSNren eskutik ekarpenak espero ditut irtenbideak topa ditzagun, ganbera honetako gainerako beste taldeekin batera».
Nafarroako Parlamentua. Barcinaren aurkako zentsura mozioa
Barcinaren aurka, baina alde
PSNk ez du konfiantzarik Barcinarengan, baina ez du babestu mozioa, EH Bildurekin «marra gorri zeharkaezinak» dituelakoPSNren abstentzio erabakigarria lagun, PPk eta UPNk atzera bota dute zentsura mozioa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu