Hainbat urtetako lanaren ostean, gaur aurkeztu dute sexu indarkeria jasan duten adingabeak artatzeko Gasteizko Barnahus egoitza. Halako indarkeria pairatu duten haurrak eta nerabeak berriz biktimizatzea eragozten duen zerbitzua eskainiko dute egoitza horretan, eta datorren urteko urtarrilean hartuko dituzte lehen adingabeak. Berriz biktimizatu ez ditzaten, adingabeek soilik behin deklaratu beharko dute, eta, horretarako, «behar adina denbora» bermatuko zaie, eta «leku seguru bat». Hori gauzatzeko, osasun, hezkuntza, gizarte, polizia eta justizia zerbitzuak lankidetzan arituko dira. Oraingoz, Arabako adingabeak artatuko dituzte, eta foru aldundiak, udalek edo justizia sistemak bideratuko dituzte hara. Zerbitzua borondatezkoa, doakoa eta konfidentziala izango da.
Sexu indarkeria jasan duten haur eta nerabeek, fisikoki eta psikologikoki pairatu zuten indarkeriaz gain, justizia sistemaren egituraketak eragindakoa ere pairatzen dute. Egungo justizia sisteman sarri egin behar izaten dituzte deklarazioak, eta, gainera, oso bortitza eta traumatikoa izan daiteke deklarazio horiek arrotzak zaizkien tokietan egin behar izatea. Hain zuzen ere, prozesu hori arintzeko eta sufrimendu gehiago ez eragiteko sortu zuten Barnahus eredua Islandian. Egun, Europako zenbait herrialdetara zabaldu da: Katalunian, esate baterako, molde horretako hamalau zentro daude. Gune horietan, haur eta nerabe horientzako leku seguru bat eraikitzen da, eta jasandakoari buruzko deklarazioa soilik behin egiten dute.
Gasteizen eraiki duten egoitzaren argazkiak erakutsi dituzte gaurko agerraldian, eta Eusko Jaurlaritzako Ongizatearen, Gazteriaren eta Erronka Demografikoaren sailburu Nerea Melgosak azpimarratu duenez, egoitza diseinatzerakoan, haurrek eta nerabeek euren «etxetzat» sentituko zuten zerbait sortzen saiatu ziren. Bulegoaren barne egitura ere azaldu du: «Bi lantalde egongo dira: bat finkoa eta bestea mugikorra. Finkoa koordinatzaile batek, administrari batek, psikologo batek eta gizarte langile batek osatuko dute, eta egoitzan bertan egongo dira une oro. Mugikorra, berriz, gizarte langileek, psikologoek, pediatra batek, auzitegiko mediku batek, ginekologo batek, Ertzaintzak, fiskaltzak eta epaileek osatuko dute».

Adingabe bat egoitzara iristen denean, bertako profesionalek ebaluazio bat egingo diote, eta psikologoak haren beharretara egokitutako terapia saioa egingo dio. Behar izanez gero, talde mugikorreko profesionalek osasun azterketa bat egingo diote. Testigantza emateko prest dagoenean, psikologoa aldamenean duela deklaratuko du. Deklarazio gelarekin konektatuta dagoen beste gela batetik adituko dute kontakizuna egoitzako koordinatzaileak, ertzainek, fiskaltzak eta mediku taldeak; epaileak online entzungo du. Adingabeak bertan esandakoak epaitegiko deklarazio baten balio judizial berbera izango du.
Pausoz pauso
Sailburuak azaldu duenez, egoitzan esku hartuko duten langileek formakuntza orokor bat jaso dute, eta orain EHUk prestakuntza zehatzago bat egingo die. Bigarren formakuntza hori amaitzean, Kataluniara joango dira, hango Barnahusetako esperientziak ezagutzera. Azkenik, urtarrilean irekiko ditu ateak Gasteizkoak. Proiektuan parte hartuko duten erakundeak hiru hilean behin elkartuko dira proiektua bera koordinatzeko, ebaluatzeko eta hobetzeko. Melgosak adierazi du ez dakitela zenbat adingabe artatuko dituzten, baina aurreratu du proiektuak oraingoz bi urteko indarraldia izango duela, eta lau urtera arte luzatzeko aukera.Â
Epealdi horretan jasotako informazio eta ondorioekin erabakiko dute eredua beste lurraldeetara zabalduko duten ala ez. Oraingoz, behintzat, sailburuak adierazi du soilik Arabako haurrak eta nerabeak artatuko dituztela: «Urte askotako lana izan da Gasteizko bulegoa zabaltzea, eta bertan lortuko ditugun emaitzekin hartuko ditugu beste probintzietarako erabakiak».
Luze jo duen prozesua
Eta halaxe da, urte batzuk igaro baitira proiektuaren hastapenetik. 2021aren hasieran abiatu zuen Eusko Jaurlaritzak Barnahus ereduaren proiektu pilotua. Eta urte beraren amaiera aldera, Gasteizen egindako jardunaldi batzuetan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente Iñaki Subijanak azpimarratu egin zuen haurrek behin bakarrik deklaratzearen garrantzia.
Hilabete batzuen ostean, 2022aren erdialdean, Eusko Jaurlaritzak adierazi zuen Gasteizen urte amaierarako abian ipiniko zutela proiektu pilotua; eta bertan bilduko ziren testigantzen balioa nabarmendu zuten: «Gasteizen irekiko duten etxean jasoko dituzte sexu abusuen biktima izan diren haurren testigantzak, gerora aurretiazko froga osatuko dutenak».
2023ko urtarrilean adierazi zuten Gizarte Zerbitzuak egongo zirela egoitzaren erdigunean. Orduan, justizia sistematik at deklaratzeko ahalmena azpimarratu zuten: «Gertatutakoa Barnahus etxean kontatzen ahalko dute: lekukotasuna eman polizia etxeetatik eta ospitaleetatik pasatu gabe». Nafarroako Gobernuak ere adierazia du halako proiektu bat martxan jartzeko asmoa.