"Terrorismo delituak egin dituzten presoak birgizarteratzeko" programa bat mahai gainera aterako zuela iragarri zuen ostegunean Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak, eta atzo arratsaldean kaleratu zuen, Internet bidez.
Haren arabera, epeka gauzatuko litzateke "gizarteratze prozesua". Hala, parte hartu ahal izateko, presoak indarkeriari uko egin diola eta "erakunde kriminaleko" kide izateari utzi diola erakutsi beharko du. Presoek biktima "zuzenei" barkamena eskatzeko aukera izango dute, betiere biktimak nahi badu.
Planean aurreikusitako beste neurri batzuk jaso ahal izateko —Euskal Herriko espetxeetara gerturatzea, adibidez—, "legezko beste betebehar batzuk" exijituko dizkiete presoei.
Programa jarraitzea "borondatekoa eta indibiduala" izango da, idatziak dioenez. Parte hartzea erabakitzen duten presoek eskolak jasoko dituzte "bizikidetzarako balioen" inguruan, eta lana aurkitzeko laguntza jasoko dute, aske geratzen direnerako. Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeak izango dira plan hori ezartzen lehenak.
Jorge Fernandez Diaz (PP) Barne ministroak lehengo astean zioenez, helburua presoak "gizarteratzea" da, eta nabarmendu zuen hori Espainiako Konstituzioaren 25. artikuluan jasota dagoela. "Legea bete besterik ez dugu egingo". Ministroak gaineratu zuenez, ez da presoak Euskal Herriko espetxeetara gerturatzeko plan bat, eta horrek ez du ezbaian jartzen Parot doktrinaren konstituzionaltasuna.