Min ematen dute sirena hotsek. Zurrunak dira. Gogorrak. Barruraino sartzen direnak. 15:45ean hasi ziren atzo Gernikan, duela 75 urte bezala. Lau minutuan entzun dira ozen herriko hainbat txokotan. Hala entzun ziren 1937ko apirilaren 26an ere, lehen bonbak erori ziren arte. Horien zarata bortitzagoek zanpatu zituzten abisu hotsak. Herritarrak nora ezean korrika irudikatzea erraza da, bonbardaketa egunera itzuliz gero. Baina atzo geldirik oroitu zuten unea. Garrasirik gabe, isilik, sirena hotsek harrapatuta.
Abisu oihua amaierara iristen ari dela, euri tantak hasi dira, negar malkoak ikusi. «Euria da, bonbak ziren orduan», entzun da herritarren artean, ekimena amaitu ondorengo elkarrizketetan. Sirena hotsa amaituta ere, zurbil jarraitu dute plazetan bildutako lagunen aurpegiek. Isilik ahotsek. Gernikako hiru gunetan bildutako ehunka herritarrek denbora tarte bat behar izan duteamaiera gisa txalo zaparrada egiteko.
Bonbak erori ziren ordu berean egindako isilune hori izan da herritarrek zuzenean parte hartu duten ekitaldietako bat, eguneko lehena. Nahiz eta aurretik batzuek lana hartu duten xingola beltzdun ikurrinak jartzeko leiho-balkoietan. Izan ere, eta goiza ekimenez josia egon den arren, agintari eta politikariek hartu dute protagonismo nagusia. Protokolozkoagoak izan dira, Nestor Basterretxeak egindako monumentuaren inaugurazio ekitaldian agerian geratu den bezala. Asko izan dira agintari eta ordezkari politikoak. Herritarrak ere bertaratu dira duela 75 urte lehen bonba erori zen gunera. Baina errepidearen beste aldetik jarraitu dute ekitaldia, haientzat ez balitz bezala. Politikari eta kazetari ugariren artean, herritar gutxi batzuk izan dira Agonia del Fuego eskultura jarri duten plazan, baina, bidearen beste aldean pilatuta, urrutitik ikusi dute gehienek.
«Sutan igaro nuen Gernika»
Inaugurazio ekitaldia hasi aurretik, adineko gizon bat bueltaka dabil kazetarien inguruan. Lagunen bat topatu nahian ari da; «orduko lagunen bat» aurkitu nahirik. Kale hori bera, korrika, ihesean igaro zuen Juan Larrinaga Atxagak. 93 urte ditu eta Ispasterrekoa da. «Gauean pasatu ginen hemendik, gaur 75 urte. Sutan pasatu nuen Gernika», gogora ekarri du ihesaldia. Ispasterretik atera, eta 45 kilometro egin zituen oinez Mungiaraino. «Atzetik zetozen Francoren tropak, eta hemendik irten genuen. Gudari izan zen aita defuntuak esaten zigun: 'Zoazte mutilak; militarra, onena ere, txarra da'».
Ez ditu sentipenak gehiegi adierazi nahi, ez hitzez behintzat: «Neure sentimenduan bizitzen ari naiz eguna». Baina hunkituta dagoela onartu du; «bai, hemen egonik, emozionatuta». Horregatik dabil «orduko lagunen bat» topatu nahirik; barneko sentimendu hori «konpartitzeko». «Bat topatu dut plazan, baina ea topatzen dudan besteren bat lantzean behin...».
Herritarrek parte hartu duten beste ekimen bat bonbardaketan hildakoen aldeko elizkizuna eta lore eskaintza izan da. Hala ere, agintariek hartu dituzte lehen lerroak berriz ere. Tartean izan dira bonbardaketan hildakoen senideak, eta sarraskitik bizirik atera zirenak, herritarrak denak. Omena eta loreak haientzat ere izan dira, baina, hala ere, atzealdean egon dira gehienak.
Iluntzean, herria kalera
Herria kalera atera duena Gernika Sutan izan da. Herri antzerkiaren bidez oroitu dute gehienek duela 75 urteko eguna. Umeak kalean jolasean ikusi dituzte orduko haurren janzkera eta jokoekin, umeentzat «trumoiak» ziren sirena eta hegazkin hotsak entzun, eta iluna etorri arte. Abesbatzak, kantu bidez kontatu du 1937an herritarrek ikusi zutena. Kantuz egin dute, baita ere, oraindik herrian nagusi den aldarria: Egiak beste ez du balio munduko urre guztiak.
Auditorio itxura duen Seber Altube plazan 19:00etan abiatu den performancea ia 21:00ak zirela amaitu da Foruen plazan. Kalerik kale, plazaz plaza, leihotik balkoira, eskulturaz eskultura ibili dira antzezleak, eta haien atzetik, ezin kabitu ibili diren milaka herritarrak. Aktoreak, kalean igarotzeko, ezin bidea ireki ibili dira jendetzaren artean.
Suhiltzaileak sua ezin itzalia kantatu du ke artetik; emakume batek Adios ene maitia, adios sekulako! kantatu dio besoetan zuen haur hilotzari, suak hartutako leihotik. Ikur faxista erakutsi duten beltzezko gizonek, heriotza danborrak jo eta dantzatu dituzte suziri artean. Dozenaka herritar urdin korrika agertu dira kalean behera, maleta eta guzti. Gudariek, fusilak hartzeko beharra nola sentitu duten kontatu dute bertsotan.
Amaitu da antzerkia, baina kandelekin egindako manifestazio isila ere jendetsua izan da oso. Ezer esan beharrik ez-eta, Gernikaren bonbardaketa oroitzen duen kolorezko txoria besterik ez du erakutsi pankartak. Herria manifestazioan igaro, eta Foru plazan utzi dituzte kandelak, oroimena itzal ez dadin.
Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena
Barneko mina lehertu da
Gernikarrek beren erara oroitu dute herria eta ahaideak suntsitu zituen gertaera; sirena deiaren zartada sentitu dute, orain duela 75 urteko eguna antzerkiaren bidez bizita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu