Ernaiko kideak

Amaiur Egurrola, Ainhoa Bueno eta Txomin Aiartza: «Barneratua dugu nazio askapenaren prozesua graduala dela, eta errespetatu behar dituela hiru lurralde administratiboen errealitateak»

Ernaiko kideek «nazio askapenaren alde» egitera deitu dituzte gazteak. «Belaunaldi berriek estaturik gabeko nazioa nola sendotu», horixe dute erronka.

Aiartza, Egurrola eta Bueno, ezkerretik eskuinera. JON URBE / FOKU
Aiartza, Egurrola eta Bueno, ezkerretik eskuinera. JON URBE / FOKU
xabier martin
2025eko ekainaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ernai gazte erakundeak jakinarazi berri duenez, hainbat ekinaldi egingo ditu udan, Ekin eta bultza, askatasunera lelopean, eta manifestazio bat eginez amaituko du udako kanpaina, Donostian, irailaren 14an, estropada egunez. Ainhoa Bueno (Abaurregaina, Nafarroa, 2001), Txomin Aiartza (Larrabetzu, Bizkaia, 2001) eta Amaiur Egurrola (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 2001) Ernaiko kideak independentziaren mezuari eusteko beharraz aritu dira, estaturik gabeko nazioa sendotzeko moldeez eta oinarriez. Halaber, baztertu egin dute GKSrekin elkarlanean aritzea, «helburu desberdinak» dituztelako.

Independentziaren aldeko mezuaren transmisioan arazoak ez ote daude gaur egun? Subiranismoaren inguruko mezuek ez dute ordezkatu independentziaren aldeko mezua?

Amaiur Egurrola: Duela sei hamarkada abiatu zen nazio askapena mugimendu gisa, eta bere hastapenetatik bi ardatz nagusi izan ditu: nazio izaeraren aitortza eta erabakitzeko eskubidea. Belaunaldi batek herri oso baten lekukoa hartu zuen, eta belaunaldi hark egin zuen ariketa horren barruan kokatzen gara gu orain. Duela 60 urte, gerra ezagutu ez baina haren ondorioak pairatu zituen belaunaldi bat izan zen, frankismo betean abiatu zena. Txiki eta Otaegi militanteen fusilamenduen 50. urteurrena da aurten. Azkenean, frankismo garaian, gerraostean, belaunaldi hori Euskal Herria nola eraiki pentsatzen hasi zen; orain bezala, Euskal Herria estaturik gabeko nazioa baitzen orduan ere. Gu ere iritzi berekoak gara, garaietako ezberdintasun guztiak onartuta ere. Ziklo aldaketa bat abiatu da, eta gure belaunaldiak aurreko zikloaren gatazka ezagutu ez zuen arren, haren ondorioak jasaten ditu. Eta ariketa bat egin behar dugu: fase berrian nola sendotuko dugun estaturik gabeko nazio hau, eta txikitik hasita ari gara, egunero herria eraikitzen.

Independentziaren hautua ahuldurik dago, zenbait galdeketen arabera. Nola azaldu daiteke Eusko Legebiltzarrean gehiengo subiranista zabal bat egotea eta inkestetako emaitzak horiek izatea?

Ainhoa Bueno: Eman dezake kontraesana dela, bai. Eusko Legebiltzarraren izaera subiranista ez da izenburuetan nabarmentzen. Testuinguru politikoak berak azaldu dezake inkesta horien emaitzak: ez da posizionatzeko garaia. Jendea aldeko edo kontrako hautua egitera eramaten dute horrelako garaiek; Katalunian gertatu zen. Euskal Herriaren egungo garai politikoa ez da hori, baina horrek ez du esan nahi independentziaren aldeko mezua zabaltzen jarraitu behar ez dugunik. Euskal jendarteak hemen eta orain erabakitzeko duen nahia ez da islatzen askotan komunikabideen izenburuetan, nahiz eta inkesta horietan emaitzak argiak diren. Adostua litzatekeen erreferendum baten inguruan ere galdetzen dute, eta aldeko ehunekoak handitzen diren arren, ez dituzte lerroburuetara eramaten. Galderen formulazioak erantzunak baldintzatzen ditu, gainera.

«Estrategiak eta narratibak bereizi behar dira. Ezker abertzaleak beti izan du barneratua gradualtasuna»

TXOMIN AIARTZAErnai-ko kidea
Oro har, manera onak gailendu dira euskal eztabaida politikoan, arrazoia emozioen gainetik. Independentziaren beharra nola transmititzen da hobeto, arrazoien bidez ala emozioen bidez?

Amaiur Egurrola: Denak dauka errealitate bat sortzeko gaitasuna. Bereizketa hori uste baino lausoagoa da. Ziklo berriak berekin ekarri du beste era batera aritzea nazio askapenaren borrokan. 2008ko krisitik hona mundua ulertzeko modua eta lehentasunak aldatu egin dira. Horrek guztiak ondorioak izan ditu gure belaunaldian, eta aldatu egin ditu politikaren aldarriak eta moldeak. Nazio ardatzaren erdigunean zer jarri behar dugun? Gu estaturik gabeko nazio zapaldua gara, eta ez ditugu gure nazioa erreproduzitzeko mekanismo askorik; horretan egin behar dugu lan.

Espainiako Estatuan beste estatus bat lortzea balekoa litzateke naziogintzan aurrera egiteko? Nola ikusten duzue EAJk, EH Bilduk eta PSEk dituzten negoziazio horiek?

Txomin Aiartza: Gehiengo abertzalea dago Gasteizko legebiltzarrean, eta Euskal Herriaren aitortza nazionala egitearen aldeko gehiengoa are zabalagoa da. Badago aukera bat, eta, ezker independentista erakundeetan egotearen garrantziaz aritzen garenean, aukera horiek baliatzeaz ari gara, hain zuzen. Munduak aurrerantzean hartuko duen norabidea definitzen ari da orain, eta ebidentzia da guk ditugun tresnak, gaur egun, ez direla nahikoak aurrean ditugun erronka handiei erantzuteko. Jauzi bat emateko aukera dago, tresna politiko eta juridiko berriak lortzeko.

Gradualtasuna arazorik gabe onartzen duzue, beraz?

Txomin Aiartza: Guk barneratua dugu nazio askapenaren prozesua graduala dela, eta errespetatu behar dituela gure herria osatzen duten hiru lurralde administratiboen errealitateak. Edozein mailako aurrerapenek kokatuko gaituzte azken helburutik gertuago; zenbat eta burujabetza kuota handiagoa lortu, orduan eta hobeto izango gara erronka garaikideei erantzuteko eta nazio aitortzan aurrera egiteko, baita erabakitzeko eskubidera gerturatzeko ere.

«Ziklo berriak berekin ekarri du beste era batera aritzea nazio askapenaren borrokan, moldez eta aldarriz»»

AMAIUR EGURROLAErnai-ko kidea
Ezker abertzalean ez da beti onartu gradualtasun hori. Hori aldatu da?

Txomin Aiartza: Ez zaigu iruditzen beste aro batzuetan izandako jarreraren aurkakoa denik. Estrategiak eta narratibak bereizi behar dira. Ezker abertzaleak, historikoki, beti barneratuta izan du gradualtasun hori, nahiz eta egia den azken urteotan gehiago sakondu dela horretan.

Irailerako manifestazio handi batera deitu duzue Donostian. Zergatik ikusten dira ikurrin gutxiago orain euskal gaztediaren mobilizazioetan?

Amaiur Egurrola:Nazio gatazkaren izaerak beste forma bat hartu badu, normala da, era berean, horren adierazle gorenak izan daitezkeen ikurrak apaltzea. Baina argi esan behar dugu ikurrinak ez direla legezkoak oraindik Euskal Herriko zazpi lurraldeetan. Administrazio batzuek ezin dute erabili; kasurako, Nafarroakoak. Horregatik, ikurrina aldarrikatzen jarraituko dugu, nazio zapaldua garelako kontzientzia hartzea nahi dugulako, gure helburua askapen nazionala delako. Dena den, jai herrikoietan, kirolean... ikurrin asko ikusten dira orain ere, agertokia zein den.

«Haiek [GKS] Europa dute borrokarako esparru; guretzat Euskal Herria da subjektua eta eraldaketarako lurraldea»

AINHOA BUENOErnai-ko kidea
GKSk Gasteizko eta Bilboko txosnetan betoa jarri diotela salatu du berriro. Ez al da txosnen auzia zuen arteko sakoneko desberdintasun ideologiko batzuen isla?

Txomin Aiartza: Errealitate bat da desberdintasun bat dagoela egoera politiko-sozioekonomikoaren inguruan egiten dugun analisien artean. Eta estrategia desberdinak gizarteratzen ditugu helburu desberdinetara iristeko.

Elkarlanean aritzea baztertzen duzue? Edo aldeak handiegiak dira?

Ainhoa Bueno: Badago esaldi bat esaten duena politika dela mundua ulertzeko eta eraldatzeko tresna. Ulerkeran bertan desberdintasun oso handiak ditugu, zapalkuntzen ulerkeratik hasita. Beraz, proposatzen ditugun irtenbideetan bat etortzea oso zaila da. Independentziaren ulerkeran, estrategia antagonikoak ditugu. Haiek Europa dute borrokarako lurralde esparru; guk uste dugu Euskal Herria dela subjektua eta eraldaketa politikorako lurraldea. Klase sozial baten independentzia aldarrikatzen dute haiek, eta guk uste dugu Euskal Herrian klase borrokak eta askapen sozialak askapen nazionalaren forma hartzen dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.