Euskara

Bartzelonak elkartasuna adierazi dio Eibarri Garitanorekin gertatutakoagatik

Paul Bilbao Kontseiluaren idazkari nagusiarentzat eredugarria izan da Gaizka Garitanok atzo Almerian izan zuen jarrera. Halako erabakiak herritarron esku daudela uste du, "euskaraz bizitzeko hautuaren aldeko determinazioa". [YouTube]http://youtu.be/WkLr2hcVfxE[/YouTube]

Ainhoa Oiartzabal-Enekoitz Esnaola
2015eko apirilaren 27a
08:16
Entzun 00:00:0000:00:00

Atzo, Almerian (Espainia), kazetari batzuk kexatu egin ziren Eibarreko entrenatzaileak euskaraz hitz egin zuelako, eta eragotzi egin zuten agerraldia; Eibarreko entrenatzaileak utzi egin zuen prentsa aretoa. Kazetari horiek kexatzen ziren bitartean, Almeriako prentsa arduradunak ixiltzeko eskatu zien, eta errespetua adierazteko, eta gaineatu zuen Bartzelona Almeriara joan izan denean ohikoa izan dela lehenengo katalanez erantzutea eta gero gazteleraz. Gaur, bada, Bartzelona futbol klubak gutun bat bidali dio Eibarri elkartasuna adieraziz.

Carles Vilarrubi hirugarren presidenteordeak sinatu du gutuna. Berak daramatza arlo instituzionala eta nazioartekoa. Vilarrubik eskatu du gutun horretan kexatu ziren kazetarien gisako jarrerak ez errepikatzeko, eta Eibarri animoak eman dizkio Lehen Mailatik ez jaisteko borrokan. Pep Guardiola Bartzelonako entrenatzaile ohi eta Bayern Municheko entrenatzaileak ere Garitanorekin gertatutakoaren inguruan adierazi du "lehenago edo beranduago" lortuko dela katalana beste edozein hizkuntza bezala hartua izatea.

Kontseiluaren idazkari nagusi Paul Bilbaorentzat "txalogarria" izan da Eibarreko entrenatzaile Gaizka Garitanok atzo Almerian erakutsi zuen jarrera: "Euskaraz bizitzeko nahia praktikara eraman baitu". Euskarararen alde egoteaz gain euskararen alde jardun egin behar dela uste du Bilbaok, eta testuinguru horretan kokatu du Eibarreko entrenatzailearen jarrera. "Euskaraz bizitzeko hautuaren aldeko determinazioa".

Orain, Garitanoren determinazio hori "babestu" egin dela uste du, "eta hedatu": "Gutariko bakoitzak halako zerbait egingo balu bere egunerokoan gauza asko aldatuko lirateke". izan ere, Kontseiluaren ustez, herritar bakoitzak du aldaketarako giltza, "norbanako oro da motore". Horrenbestez, euskaldunek beren "botere guneak erabili" behar dituztela dio.

Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordeak ere zoriondu zuen Garitano, twitter bidez:

Gaizka Garitano Eibarreko futbol entrenatzaileak euskaraz hasten ditu prentsaurrekoak, Euskal Herriko zein kanpoko zelaietan; kanpoko partidetan, betiere ETBtik Joseba Urkiola kazetaria joaten bada. Urkiolak euskaraz galdetzen dio Garitanori, eta horrek hala erantzun.

Atzo arratsaldean halaxe hasi ziren Almeria-Eibar Espainiako Lehen Mailako partidaren osteko prentsaurrekoan, baina hango kazetari batzuk kexatu egin ziren. Almeria klubeko prentsa arduradunak etxeko kazetariei esan zien "errespetu falta" dela kexu hori, Bartzelonakoak adibidez areto hartan bertan katalanez aritu izan direlako, eta Garitanok euskaraz segitu zuen erantzuten. Berriro kexatu ziren, eta Eibarreko entrenatzaileak utzi egin zuen aretoa. 

Almeria klubak barkamena eskatu du gertaeragatik, baita hango kazetari batzuek ere.

Ez da lehen aldia futbolaren esparruko prentsaurrekoetan euskaraz aritzeagatik kexak egin direna; 2011n, Osasunako presidente Patxi Izko zakar agertu zen BERRIAko kazetariak agerraldiaren amaieran entrenatzaileari euskaraz galdetu zionean eta horrek euskaraz erantzun zuenean.

"Euskaldunen iraultza txikia"

Duela hilabete eta erdi Azpeitiko Sanagustin kulturgunean izandako solasaldi saioan Garitano "euskaldunen iraultza txiki" eske aritu zen. Esan zuen Euskal Herriko prentsaurrekoetan euskaraz soilik hitz egin nahi duela, baina eskatu zuen horretarako euskal hedabideen eta kazetarien "laguntza" behar duela. Adibide modura, adierazi zuen David Moyes Realeko eskoziar entrenatzaileari itzultzailea jarri diotela —ez daki euskaraz eta espainolez—, Ernesto Valverde Athleticeko teknikaria gazteleraz aritzen dela —ez daki euskaraz—, eta, aldiz, berak ezin duela euskaraz soilik aritu Euskal Herrian egiten dituen agerraldietan. "Desgrazia dut erdaraz dakidala eta, beraz, egin egin behar. Horrek euskaldun gisa dauzkadan eskubideak urratu egiten ditu. Euskaraz soilik mintzatzea gustatuko litzaidake, baina ez daukagu behar dugun erraztasunik".

Euskal hedabideen konplizitatea lortu nahian, ETBrekin bildu izan da Garitano, adibidez. Eskertzen du ETBk egiten duen ahalegina, baina gehiago egin behar dela iritzi dio. Euskal Herriko hedabideetan espainolez hizketan agertzeak ondorio negatiboak dituela uste du. "Bergaran-eta entrenatzen dugu guk, eta saioaren ondoren ume euskaldunak 'Garitano, ¿me firmas un autógrafo?' galdezka etortzen zaizkit". "Asko kezkatzen nauen gaia da", esan zuen, eta gaineratu zuen jendaurrean euskaraz bakarrik aritzeko lanean jarraituko duela.

Joan den apirilaren 14an Euskal Herriko hainbat lagun ezagunek ETBri ETB2n euskaldunak gaztelaniaz hitz egitera ez bultzatzeko eskatu zioten. Eskatzaileen artean zen Garitano.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.