Politika

Basagoiti: "Lopezek atzera egin du Araban"

PPk Xabier Agirre ahaldun nagusiaren kontrako zentsura mozioa sartu nahi du, baina PSE-EEren babesa behar du. Basagoitik akordioa ez betetzea egotzi dio Jaurlaritzako lehendakariari.

2009ko uztailaren 14a
12:03
Entzun
"PSE-EErekin geratu ginen Arabara ere aldaketa iristeko, baina Patxi Lopezek atzera egin du". Hala esan du gaur Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak PSE-EEko idazkari nagusi eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariaz, Cope Espainiako irrati katean. "Baina nik egunero eskatuko diot Arabako Foru Aldundian aldaketa gauza dadin".

Xabier Agirre EAJko kidea da ahaldun nagusia eta PPk haren aurkako zentsura mozioa sartu nahi du, PSErekin batera. Javier de Andres PPko kidea jarriko litzateke agintean.

"Jaurlaritzara begira terrorismoa garaitzeko akordioa egin genuen, elkarbizitzakoa, hezkuntzakoa, hizkuntz politikakoa, baina hitz egiten segitu genuen eta Arabako aldaketaz ere mintzatu ginen", adierazi du Basagoitik. "Lehendakaria ondo aritzen denean, txalotu egiten dut, baina egin behar duena ez duenean egiten, esan beharrekoa esaten dut".

De Andresek ere gaitzetsi du PSEren jarrera, eta horrekiko konfiantza galtzen hasi direla jakinarazi du.

2007ko ekainaren 16tik da Agirre ahaldun nagusia, EArekin eta Aralarrekin akordioa egin ondotik. Gutxiengoan ari da gobernatzen. Urte bereko maiatzeko foru hauteskundeetan hirugarren indarra izan zen EAJ (14 batzarkide, 39.010 boto). Aurrena PP (15 batzarkide, 39.761 boto), bigarrena PSE-EE (14 batzarkide, 39.596 boto). Biok dute gehiengoa Batzar Nagusietan -51 batzarkidek osatzen dute erakundea-. EAk bi batzarkide ditu, Aralarrek 1. Bestetik, EAE-ANVk 4 eta EBk 1.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.