Basagoitik «akordio idatzi bat» eskainiko die PSE-EEri eta EAJri

EAJk aurreratu du ez duela gisa horretako egitasmo batean parte hartuko, eta «bazterketen aroa amaitu» dela esan duEAk uste du PPk egungo egoera baliatu nahi duela «etekin politikoak» lortzeko

jokin sagarzazu
2012ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Ezker abertzalearen balizko legeztatzeari aurrea hartu nahi dioAntonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak. Jakinarazi duenez, «akordio idatzi bat» proposatuko die PSE-EEri eta EAJri, hiru indar politiko horien artean ETAren jardun armatuaren amaieraren ondorengo garai politikoa kudeatzeko. Espainiako gobernuburu Mariano Raxoirekin eginiko bileraren ostean ezagutarazi du bere asmoa EAEko PPko buruak. Basagoitik azaldu duenez, hainbat puntutan bat egiten dute alderdi politiko horiek, eta oinarri horiek sendotzea izango litzake akordioaren helburua.

Alderdi jeltzaleak jada aurreratu du ez duela gisa horretako egitasmo batean parte hartuko, eta «etorkizuna» aukera politiko guztien artean eraiki behar dela nabarmendu du. «Bazterketen aroa amaitu da», esan du Andoni Ortuzarrek, BBBko presidenteak. EAk ere salatu egin du Basagoitiren asmoa, eta hari leporatu dio egungo egoeratik «etekin politikoak» lortu nahi izatea.

Aurretik Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidentearekin eta Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin egin bezala, Espainiako gobernuburuak EAEko PPko presidentea hartu zuen atzo eguerdian Moncloako jauregian. Basagoitik bere «bide orria» azaldu zion Raxoiri, eta babesa eskatu PSE-EErekin eta EAJrekin egin nahi duen akordio horri begira. Basagoitiren arabera, hiru puntutan bat egiten dute hiru alderdiek: ETAk jarduera armatua utzi izana albiste ona dela uste izatea, ETAk baldintzarik gabe desegin behar duela ezinbestekotzat jotzea eta hari ezin zaiola «sari politikorik» eman onartzea. Oinarri horiek sendotzea eta, haren iritzian, «ezker abertzaleak ezarri nahi duen agendari aurre egitea» izango litzateke akordioaren xedea. Alderdi abertzaleek, baina, bestelako asmoak ikusi dituzte Basagoitiren proposamenaren atzean.

Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean, Andoni Ortuzar jeltzaleak adierazi du bake eta normalizazio prozesua «bazterketarik gabe» egin behar dela eta horretarako ezinbesteko dela ezker abertzalea legeztatzea. «Aukera politiko guztiek egon behar dute lehian, haien posizio politikoak [Eusko] Legebiltzarrean babes ditzaten eta guztion artean gai izan gaitezen akordioak egiteko». Ortuzarren arabera, ez litzake ona izango bake eta normalizazio prozesua «epe laburrera begirako etekin politikoekin eta hauteskunde etekinekin nahastea».

Ikerne Badiola EAko komunikazio idazkariak ere uste du Basagoitik egungo egoera baliatu nahi duela «independentismoa baztertzeko». Hori hala, PSE-EEri eskatu dio estrategia horretan ez parte hartzeko, eta EAJri «egungo egoera nazionalismo espainiarrarekin batera kudeatzeko asmoa baztertzeko». «PPk jakin behar du beste garai batekoa dela garaile eta garaituen formula. Bakea eta normalizazioa guztion artean lortuko dugu», esan du Badiolak komunikabideei igorritako ohar batean.

PSE-EEk ez du Basagoitiren proposamenari buruzko baloraziorik egin. Eusko Jaurlaritzak, berriz, Basagoiti eta Raxoiren arteko bilera «positiboa» dela adierazi du. «Espainiako Gobernuak egungo garai hau sendotzeko bidea irekitzea espero dugu, eta horretan denok bat egiten dugu, EAEko PPk barne», esan du Idoia Mendia bozeramaileak.

Raxoi eta Basagoitiren arteko bileraren aurretik eginiko agerraldi batean, Mendiak nabarmendu du PSE-EEk, PPk eta EAJk «bat egiten» dutela hainbat gaitan, baina, kazetarien galderei erantzunez, gogorarazi du ezker abertzaleak Eusko Legebiltzarretik kanpo jarraitzen duela.

Horixe bera nabarmendu zuen Harremanetarako Nazioarteko Taldeak, duela bi aste Euskal Herrira eginiko bisitan. Sortu legeztatzea beharrezkoa dela adierazi zuen. «Hala, hauteskundeak egin ostean, alderdi politiko guztiek izango lukete ordezkaritza legebiltzarrean, eta orduan izango litzateke posible gatazka konpontzeko elkarrizketa», esan zuen Brian Currin abokatu hegoafrikarrak gidatzen duen taldeak.

Desadostasunak

Hori ez da PPren eta beste bi alderdien artean dagoen desadostasun bakarra. Lopezek eta Urkulluk espetxe politika aldatzearen beharra helarazi zioten Raxoiri harekin izandako bileran. Basagoitirentzat, baina, hori ez dago «PPren lehentasunen artean».EAEko PPko presidenteak azaldu duenez, ez dago ados «egunero presoen inguruan hitz egitearekin». Basagoitik dio presoek «egindako mina aitortu» behar dutela, eta «legea bete», «mafiako kide batek edota bortxatzaile batek egingo lukeen bezala».

Era berean, Basagoitik argitu du bere alderdia ez dela sartuko«ETAren amaiera ez den bestelako gai politikoetan». «PSE-EEk eta EAJk eskubidea dute nahi dutena planteatzeko, baina hori ezin da izan ETAren ordain gisa», esan du EAEko PPko buruak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.