"4, 3, 2, 1... [segundo]", esan du Laura Mintegi EH Bilduren lehendakarigaiak bere hitzaldiaren bukaeran, eta amaitutzat eman du ordu eta erdiko saioa. Neurtu-neurtuta zeukan, beraz, bere estreinaldi parlamentariorako. 11:00ak pasatxo zirela bukatu du, esan beharrekoa esan ondoren, gai batzuetan "arinago" ariko zela iragarri duen arren.
Minutu bat beranduago hasi da hizketan beste lehendakarigaia: Iñigo Urkullu (EAJ). Pare bat minutura, ordea, isildu egin behar izan du une batez, Celsa Atlantic enpresako —lehengo Laminaciones Arreguiko— langileek harmailetan kartelak erakutsi dituztenean hitzaldia eten baitu Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak. Ez da liskarrik sortu, eta diskurtsoari ekin dio berriro hautagai jeltzaleak.
Bi hizkuntzatan mintzatu dira biak ere, tartekatuz: euskaraz eta espainolez. Euskaraz hasi dute hitzaldia.
Gatazkaren konponbidea, bizikidetza, presoak, krisia... izan dituzte hizpide, Mintegik "politika egiteko beste modu bat" ere bai, eta Urkulluk, "Euskadik mundu ekonomikora" irekitzen jarraitu behar duen honetan, Juan Sebastian Elkano eta zortzimilako tontorrak egin izan dituzten mendizaleak aipatu ditu.
Anekdotarako gutxitxo eman du goizeko saioak. Arratsaldean tokatzen zen, kasu, Antonio Basagoiti, baina harekin ere saltsarik ez. Haretxen hasierak sortu du pasadizo txiki bat, Tejeriak hitza Basagoitiri ez, baizik eta Arantza Quirogari eman dionean —Quiroga izango da PPren taldeko bozeramailea legealdi honetan, baina gaur EAEko PPko presidentea zen mintzatzekoa—.
Arratsaldeko hitzaldietan, Gorka Maneirok (UPD) espainolez egin du mintzaldia, euskalduna den arren, eta erantzunen txandan Mintegi hari euskaraz hasi zaio ihardesten, baina pare bat segundora ”cambio de chip” ["txip aldaketa"] esan du, keinu bat eginez, eta espainolez ekin dio erantzunari.
Andoni Ortuzarrek jarri dio bozketari originaltasun puntua. "Abstentzioa", "Iñigo Urkullu Renteria" eta "Laura Mintegi Lakarra" esatera mugatu dira 74 legebiltzarkide. Ortuzarrek, ordea, "Urkullu'tar Iñigo" esan du.