1997ko martxoaren 23a, Korrikaren azken eguna: Josu Zabala Salegi Basajaun ETAko kideak hitzordu bat zuen erakunde hartako beste lagun batekin, Bilboko udaletxetik gertu, baina ez zen azaldu. 1997ko martxoaren 27a: haren gorpua Debako Mendata gainean (Gipuzkoa) agertu zen, tiroz hila. Bertsio ofizialaren arabera, Zabalak bere buruaz beste egin zuen, baina jazotakoaren gaineko interpretazio hark ez zituen eta ez ditu haren ingurukoak ase. Hala, 29 urte geroago, eta jazotakoa argitzeko asmoz, Egia Ilunpetik Argira dinamika jarri dute martxan. Pako Aristi kazetariak ekin dio ikerketari, eta auziaren inguruko dokumental bat ere egingo dute: Basajaun 1997.
Bilbon eman zuten dinamikaren berri, Zabalak 1997ko martxo hartan hitzordua zuen La Tortilla tabernaren aurrean. Han izan ziren haren familia eta Gure Bazterrak elkarteko kideak, Aristirekin berarekin eta Amaia Erdozia Ilunpetik Argira herri ekinaldiko koordinatzailearekin batera. Eta gaur, Erdoziak berak gidatuko du egitasmoaren bigarren aurkezpena ere. Oraingoan, Etxarri Aranazko plazan (Nafarroa). Bertakoa zen Basajaun, eta asmoa da aurkezpen «herrikoiagoa» egitea, ingurukoek esku artean dituztenen berri izan dezaten. «Ardatzak zein diren azalduko dugu, eta gure mezua zabaltzeko eskatu», esan du Erdoziak. Hain zuzen, lan horretan ere segituko dute aurrerantzean, eta aurkezpen gehiago egiteko asmoa dute.Â
Baina, zergatik abiatu dute ikerketa 29 urte geroago? Familiaren behar batetik sortu da, Erdoziak azaldu duenez, bere garaian ez baitzen behar bezala ikertu: «Bertsio ofizial bat egon zen, baina ez zituen inolaz ere gertakizun haien zantzu guztiak azaltzen, eta familiak ez zuen inoiz sinistu». Kontrara, azaldu du bertsio hura «zama handi bat» izan dela.Â
Ez da kasualitatea ikerketaren ardura Aristik hartu izana ere. Irunberriko arroilan (Nafarroa) hildako bi etakideen inguruan ikerketa bat egin zuen kazetariak, eta, hain zuzen, hari buruzko aurkezpen batean ezagutu zuten elkar Zabalaren familiak eta Aristik. Horren ostean, familiak laguntza eskatu zuen inguruan, antzeko ikerketa bat egiteko asmoz. Herri egitasmo bat sortu zen hortik, eta Gure Bazterrak elkartearekin eta Aristirekin harremanetan jarri ziren.
«Pentsatzen dugu ikerketak aurrera egiteko jendearen laguntza beharko dela, oroimen ariketa bat egin behar dela»
AMAIA ERDOZIA Ilunpetik Argira taldeko kidea
Erdoziak adierazi du «ahalegin guztiak» egingo dituztela kasua berraztertzeko, eta laguntza eskatu du horretarako: «Pentsatzen baitugu ikerketak aurrera egiteko jendearen laguntza beharko dela, urte haietan inguru hartan ibili zen jendeak oroimen ariketa bat egin behar duela». Hain zuzen, ariketa horrek jada eman ditu lehen fruituak.Â
Bertsio ofiziala desegiten
Orain arte, Zabalaren azken uneez zuten baieztapen bakarra zen hura ez zela bertaratu La Tortillan zuen hitzordura. Duela hilabete batzuk, ordea, lekuko batek adierazi zien Zabala pare bat ordu geroago ikusi zuela Areatzatik gertu, «bizkor eta urduri». Hipotesietako bat da ihesi zebilela, eta hura nola atzematen zuten ikusi ahal izan zuen lekukorik ba ote den argitu nahi dute.Â
Hori du xede Aristik. Hain zuzen, Naiz-ek aste honetan argitaratu ditu ontzen ari diren dokumentalerako bildutako irudi batzuk, eta hartan kazetariak azaltzen du «lehen mailako lekukoak» topatu nahian ari dela. «Lehen mailako lekukoa da gauza ikusi duena. Horrek norbaiti kontatzen dionean zer ikusi duen, eta zu horrekin zaudenean, bigarren mailako lekuko batekin zaude. Informazioa, betiere, higatuz joaten da lekukoa zenbat eta urrunagokoa izan», esan du.
Aitor Karasatorreren gidaritzapean, garapen fasean dago Basajaun 1997 filma ere, eta hura aurrera ateratzeko dirua biltzen ari dira goteo.org webgunean. Bertan azaltzen dutenez, egileen xedea da «Josu Zabala Salegiren heriotzari, haren inguruan bizirik dirauen memoriari eta haren kasuaren inguruan oraindik irekita dauden galderei» helduko dien «obra zorrotz, sentibera eta independente» bat egitea.
Hala berretsi du Erdoziak ere: «Gure asmoa da ahal den sakonen ikertzea zer gertatu zen 1997ko martxoko egun haietan, egia argitara ekartzea, eta lortzen dugun informazio guztia azaldu nahi dugu bai liburuan, bai dokumentalean». Finean, «memoria ariketa» bat direla adierazi du, «belaunaldi berriei gertaera haiek transmititzeko» baliagarrik izango direnak.Â